Bi bikote sendo zapi gorriaren lehian gaur, San Fermin Torneoaren finalean

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 15a, 00:00

Ezkurra, Juanenea, Azpiroz eta Ansa, pelota aukeraketan. Argazkia: M. Andres

Ansa II eta Azpiroz izango dira faborito, Ezkurra IIren eta Juanenearen aurrean, 18:00etan Galarretan.

Gaur jokatuko dute, Galarretan, San Fermin Txapelketako final haundia. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da jaialdia, eta bi bikote sendo ariko dira zapi gorriaren lehian: Imanol Ansa eta Xabier Azpiroz gorriz, eta Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea urdinez. Partidu ederra espero da, baina Ansa II eta Azpiroz izango dira faborito. Aurreneko postuan bukatu zuten ligaxka, eta zuzenean sailkatu ziren finalera. Ezkurra II eta Juanenea, berriz, hirugarren izan ziren aurreneko fasean, baina partidu haundia jokatu zuten semifinaletan, Endika Barrenetxearen eta Kemen Aldaberen kontra, eta indartsu iritsi dira finalera, faboritoei ezustekoa emateko prest.

Asmo horrekin joan ziren pelota aukeraketara ere, asteazkenean. Jokoa «nahasten» saiatuko direla aitortu zuten, sorpresa emateko: «Imanol oso momentu onean dago, eta deseroso sentiarazi nahi dugu. Horregatik, pelota okerragoak aukeratu ditugu, jokoa nahasteko aukera gehiago dauzkagulako horrela. Egia da estraino batzuk egin dituztela pelotetako bik», onartu zuen Juaneneak: «hala ere, ez dira pelota biziak; bat bai, baina beste biak motelak dira. Denetarik zegoen peloten xextoan, eta alde horretatik ez dago kexarik. Guk zabaleko sakea baliatu nahi dugu, eta ondoren, ea nik min egiten dudan pelotazo biziarekin. Bere lekutik atera nahi ditugu».

Pelota motelen bila aritu ziren Ansa eta Azpiroz, kontrarioek pelota biziagoak nahiko zituztelakoan. Ez zen gustura agertu Ansa, Ezkurrak eta Juaneneak aukeratutako pelotekin: «beraien bi pelota, oso okerrak iruditu zaizkit. Aritzek zabaletik atera nahiko du, hortik min egiten saiatzeko».

Jaialdiko bigarren partidua izango da finala, eta aurretik, binakako beste partidu bat jokatuko dute: Goikoetxea V eta Barrenetxea IV, Aldaberen eta Martirenaren kontra.

Oier Apezetxeak ezin, Buruz Burukoaren prebian

Aste honetan bertan, Buruz Buruko Txapelketaren bi prebia ere jokatu dituzte, Galarretan. Horietako batean aritu zen Oier Apezetxea goizuetarra, baina ez zuen aukerarik izan, Xabier Azpirozen kontra (13-30). Akats gutxi egin zituen goizuetarrak, eta gogotik borrokatu zuen; baina nagusi izan zen Uitzikoa, eta min haundia egin zion errestotik, bederatzi tan­to lortu baitzituen horrela.

Beste prebian ere, faboritoa izan zen garaile: 30-21 irabazi zuen Josetxo Ezkurrak, Ibai Martirenaren kontra. Oso lehiatua izan zen partidua, eta apenas lortu zuen hiru tantoren aldea Ezkurrak, azkeneko zatira arte. 25-20 aurreratu zen orduan, eta arriskatu egin zuen Martirenak, markagailua irauli nahian, baina ez zuen asmatu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!