Frantziako Tourra 2022

Gora txirrindularitza!!!

Andoni Urbistondo 2022ko uzt. 13a, 17:52

Jonas Vingegaard-ek Pogacar hautsezina txikitu du Granon gainean, eta hiru minutu lapurtu, lider jartzeko; etapa ikusgarria, gogoangarria ikusi dugu, luze gogoratzekoa, afizioa egiten duena, eta Jumbo Visma taldearen jarrera ausarta erabakigarria izan da

Gaur txirrindularitza atzo baino politagoa da. Ziklistek sekulako erakustaldia eman dute Alpeetako lehen etapan, eta urte askotan ikusi gabeko ikuskizunarekin gozatu dugu kirol diziplina honetako zaleak garenok. Gaur inork ez du siestarik egin, eta asko izan dira telebistako irudiei itsatsita geratu direnak. Erantzule nagusi bat dago: Jumbo-Visma taldea. Bere jarrera ausartak eragin du etapa ikusgarria. Estrategia ezin hobea, pazientzia, eta konfiantza osoa euren liderrarekin, Jonas Vingegaard-ekin, horiek etapan erabili dituzten osagaiak. Xake joko moduan ulertuta, gainera, Jumbok bere erregina sakrifikatu du, Primoz Roglic. Sailkapen nagusian jokoz kanpo geratu da, baina Galibierren jo dituen erasoak, egin dituen erritmo aldaketak erabakigarriak izan dira Pogacar erretzeko; Granonen Vingegaard-eko jo duen erasoak min handia egin zezan funtsezko erasoak.

Vingegaard la lider berria, eta 2.22ra du orain Pogacar. Hau ez dago bukatuta. Ziur aski beroak kiskali du esloveniarraren kemena, erre bere bihotza, eta inork espero ez zuen txakalaldia jasan du. Txapeldun handia da, baina, eta ondo egingo luke Jumbok zirrikiturik txikiena ez uzten. Txakalaldi horretan bere jarrera, edo gehiegizko indar erakustaldiak ere erabakigarri izan dira, akaso. Pogacarrek Roglic eta Vingegaard-en dozena erdi eraso kolpe erantzun behar izan ditu Galibier hasieran. Jumboko bi liderrek ito egin nahi izan dute, nekarazi, liderre taldekiderik gabe zelako. Pogacar-ek eraso guztiei erantzun die, denei. Horrekin konforme ez, eta halako mezua bidali nahi izan die Jumboko bi ziklistei, berak erasoa joz eta aurkariei kontuz ibiltzeko esanez. Sailkapen nagusian arrisku berezirik ez zuten txirrindularien bila ere irten da Pogacar, Romain Bardet kasu, eta hainbesteko ahaleginak lehertu egin du ondoren Granon mendatetzarrean.

Pogacarrek berak onartu du, Jumbok bizkortasun handiz jokatu duela. Eta hala izan da. Maisuki jokatu dute. Van Aert eta Laporte sartu dituzte ihesaldian. Telegraphe-en gora Benoot-ek bizitu du erritmoa, baina ondo eutsi dio UAEk. Lehen abisua baino ez da izan, Telegraphe mendateko pankartan Roglic-ek jo baitu erasoa. Zain zuen Laporte taldekidea, eta oilarren tropela txikitu dute. Roglic, Laporte, Vingegaard, Pogacar eta Geraint Thomas joan dira aurretik, eta ondorengo 10 kilometroak itzelak zian dira: egurra, egurra eta egurra. Roglic-en erasoa, Pogacarren erantzuna. Vingegaard-en erasoa, Pogacarren erantzuna. Horrela dozena bat aldiz. Jumbok isolatuta eduki du Pogacar, baina ez du liderra atzeratu ahal izan.

Etsi egin du Galibierren, Jumbok, Granon-en saiatzeko. Eta han bai, han Vingegaard-ek txikitu egin du Pogacar. Bost kilometroren faltan jo du erasoa, eta Pogacar-ek, maillota zabalduta eta beroak erasanda pott egin du. Txakalaldia jasan duen itxura, Bardet-ek, Thomas-ek edo Gaudu-k aurrea hartu diotelako helmugan. Bereziki deigarria da Gauduren kasua, mendatea hasi eta berehala atzean geratu delako Groupamako frantziarra, mendateko bigarren zatian igoera bikaina egin eta maillot horiaren aurretik helmugaratzeko. Vingegaard-ek hiru minutu pasa kendu dizkio esloveniarrari helmugan, eta nagusian 2.22ko aldea du orain. Bardet, Thomas, Gaudu, Nairo Quintana eta Adam Yates ere jokoan sartu dira, eta Tour ederra geratu zaigu. Erne Pogacarrekin, zauritutako basurdea baino amorratuago ariko delako biharko etapan. Gaur arte Vingegaard baino hobea izan da, eta bihar ere izan daiteke. Hori bai, Jumbok sekulako talde puska dauka, eta ez du lan errazik izango Vingegaard urruntzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!