«Langileentzat onuragarria den proposamen baten aurrean gaude Gipuzkoako papergintzan»

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 13a, 00:00

LABek adierazi du, «aurrerapauso haundiak» ikusi zituela astelehenean, papergintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bileran.

Bilera egin zuen astelehenean, Gipuzkoako papergintzako hitzamenaren negoziazio-mahaiak; eta baikor agertu da LAB sindikatua, horren ondotik. Izan ere, nabarmendu du «aurrerapauso haundiak» ikusi zituela: «sektorean 1.000 langile inguru ari dira lanean, eta haien lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena berritzeko negoziaketetan gabiltza urte hasieratik. Zazpi hilabete geroago, langileentzat onuragarria den proposamen baten aurrean gaudela uste dugu».

Zentzu horretan, jakinarazi du LABek eta CCOOk elkarrekin jarri zutela «proposamen berri bat» mahai gainean, ekainaren 27an; eta «horren ondorio» dela ADEGIk asteleheneko bileran aurkeztu zuena. ADEGIren proposamen horrek, aurrerapauso haundiak ekarriko ditu sektoreko langileentzat, LABen ustez. Honakoak aipatu ditu: «soldata igoerei dagokienez, lehenengo bi urteetan KPIa bermatzen da, eta beste bi urteetan KPIaren gaineko igoerak. KPIa negatiboa bada, bere balioa ez da kenkari bezala hartuko, soldata igoeretan. Baimenei dagokienez, berriz, genero indarkeriari lotutako baimen berria lortu da. Bikote zein seme-alaben heriotza kasuetan, lehenengo lanegunetik hasiko da baimena. Errelebo kontratuari dagokionean, egun indarrean dagoen manufaktura-industrietako errelebo kontratua berrituko balitz, hau ere baldintza berdinetan aplikatuko da. Lege honetatik kanpo geratzen diren langileei, errelebo kontratu arrunta egitea derrigorrezkoa izango da, langileek hala eskatuz gero. Lege hau berrituko ez balitz, langile guztiei errelebo kontratu arrunta egitea derrigorrezkoa izango da enpresentzat, langileak hala eskatuz gero. Eta hitzarmen osorako ultraktibitate mugagabea lortu da, baita anexoentzako ere».

 

«Oso positiboa da, langile guztiek izatea errelebo kontratuan sartzeko aukera»

LAB sindikatuak «oso positiboki» baloratu du, «negoziaketa luzeen ondorio» den proposamena, «langileen eros ahalmena bermatzeaz gain, baimenetan aurrerapausoak ematen direlako eta, batez ere, langile guztiei ematen dielako aukera errelebo kontratuan sartzeko».

Horregatik, prest azaldu dira «mahai gainean daukagun proposamen hau ondo aztertu, eta uztailaren 15ean aurreakordioa sinatzeko». Ondoren, langileen batzarretan berretsi beharko dute akordio hori, eta langileek hala erabakiz gero, hitzarmena sinatuko dute. Eta azkenik, sindikatuak aprobetxatu nahi izan du langileei «eskerrak» emateko, «LABengan duten konfiantza irmoagatik. Haien indar eta konpromisorik gabe, akordio hau ezinezkoa litzateke», nabarmendu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!