Pilotaren Txokoa Torneoko finala jokatuko du bihar Unax Manterolak

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 13a, 00:00

Unax Manterola, jokaldia egiten, aurreko partidu batean.

Agesta nafarra lagun, Sasiain eta Bullon izango ditu kontrario, 18:00etan Donostiako Trinitate Plazan.

Txapelketa pribatu ezberdinetan ari dira CD Hernaniko esku pelotariak, egunotan. Eta aurreko astean Ekhi Osesek jantzi bazuen txapela Usurbilen, bihar Unax Manterolak izango du horretarako aukera, Donostian. Pilotaren Txokoa Torneoko finala jokatuko du, Trinitate Plazako frontoian, arratsaldeko 18:00etan hasita. Agesta nafarrarekin batera ariko da, eta aurrez aurre izango dituzte Sasiain eta Bullon, gazte mailako finalean.

Semifinalean, 22-17 nagusitu ziren Manterola eta Agesta, Etxanizen eta Mitxelenaren kontra; eta txapelketa bikaina borobiltzeko aukera izango dute bihar. Oso lehia parekatua espero da, bi bikoteen artean.

Txapelketa berean, finala jokatzeko aukerarik gabe geratu da Iñigo Labaka, Lapkeko Otxoarekin batera, semifinala galdu baitzuten.

Eta beste hiru torneotan ere, kanporatuta geratu dira bailarako hiru bikote. Kadeteetan, Adunako Txapelketatik kanpo geratu dira Xuban Iturbe hernaniarra eta Oihan Legarreta aranoarra, eta ezin izan dute aurrera egin, Lizarrako Txapelketan, Aimar Zabala astigartarrak eta Markel Urdangarin hernaniarrak. Alebinetan, berriz, Gartzarongo Torneotik kanpo geratu dira Aratz Labaka eta Lier Zugasti hernaniarrak.

Zikuñaga Papelera Torneoa, martxa ederra hartuta

Hernanin, bestalde, martxa ederra hartu du Zikuñaga Papelera Torneoak. Egunero ari dira hiruna partidu jokatzen. Gaurkoan, arratsaldeko 18:00etan hasiko da jaialdia. Garikoitz Arizmendi eta Anartz Oiartzabal hernaniarrek jokatuko dute hirugarrenean, nagusietan, Irurtzungo Bustinceren eta Lizarragaren kontra.

KARTELERA: UZTAILAK 13, ASTEAZKENA, 18:etan kiroldegiko frontoian
Kadeteak: Cestau-Segurola (Gazteleku) / Leonet-Olaiz (Oiarpe)
Gazteak: Deskarga-Urdanpilleta (Hernani-Intza) / Kerejeta-Erauskin (Lapke)
Nagusiak: Arizmendi-Oiartzabal (Hernani) / Bustince-Lizarraga (Irurtzun) 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!