San Ferminetako finaletik kanpo, Barrenetxea eta Aldabe

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 12a, 00:00
Barrenetxea, Juanenea ondoan duela, semifinalean. Argazkia: Maialen Andres

Ezkurra II eta Juanenea gailendu zitzaizkien, eta Ansa II eta Azpiroz izango dituzte kontrario finalean.

Esku-eskura izan ondoren, finalera sailkatzeko bi aukerak galdu dituzte Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Kemen Aldabek, San Fermin Torneoan. Aurreko ostegunean, ligaxkako azkeneko partiduan, ezin izan zituzten lortu, zuzenean finalera sailkatzeko behar zituzten 27 tantoak, eta 24-30 galdu zuten Ansaren eta Azpirozen kontra. Haiek lortu zuten finalerako pase zuzen hori, eta semifinala jokatu behar izan zuten Barrenetxeak eta Aldabek, larunbatean, Ezkurra II eta Juanenearen kontra: 24-30 galdu zuten berriro, eta txapelketatik kanpo geratu ziren horrela.

Partidu ederra izan zen semifinala, oso lehiatua hasieratik bukaerara, eta ia akatsik gabekoa. Berdinduta izan ziren 23garren tantora arte, eta horrela jarraituko zutela zirudienean, hiru akats egin zituzten Aldabek eta Barrenetxeak, eta horrek desorekatu zuen partidua. Defentsan lan haundia egin zuten Ezkurrak eta Juaneneak, eta hobeto aritu ziren azkeneko tantoetan, finalera pasea lortzeko. Ostiral honetan jokatuko dute final haundia, Ansa IIren eta Azpirozen kontra, Galarretan.

 

Oier Apezetxea goizuetarrak Buruz Burukoaren prebia, gaur

Finalaren aurretik, beste jaialdi bat izango da Galarretan, gaur arratsaldean. Buruz Buruko Txapelketaren bi prebia jokatuko dituzte, 16:30etan hasita; eta Oier Apezetxea goizuetarra ariko da bigarrenean, Azpirozen kontra. Aurrenekoan, berriz, Ezkurra II eta Martirena izango dira aurrez aurre.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!