'Betiko' San Ferminak bueltan Martindegin, funtzionatzen duena ez delako aldatu behar

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 7a, 00:00

Hainbat gazte animatu dira antolakuntzan sartzera, eta horrekin pozik agertu da auzo elkartea.

2020an festarik gabe geratu eta joan den urtean 'eserita' ospatu ondoren, bere esentzia berreskuratuko dute San Ferminek, Martindegin. Lau egunez ospatuko dituzte, eta indarberrituta datoz: «gazte batzuk sartu dira antolakuntzan, eta horrek animatu egiten gaitu gu ere».

Indartsu bueltatuko dira San Fermin jaiak, bere esentzia eta normaltasuna berreskuratuta, Martindegi auzora. San Fermin eguna ostegunarekin tokatuta, lau egunera luzatu dute festen ospakizuna, eta gaurtik igandera izango da zerekin gozatua. 

Auzo giro goxoan ospatzekoa izango da gaurko eguna. Haurrek hartuko dute protagonismoa, festei hasiera emango dien kalejiratik bertatik. Auzoan barrena ibiliko dira, zapi gorriak jantzita, auzoko jaiak bueltan direla iragartzeko. Haur jolasak eta buruhaundiak izango dituzte eguerdian, eta beste bi hitzordu aukera arratsaldean: puzgarriak, eta tiro karabina lehiaketa. 

San Fermin eguneko meza eta hamaiketakoa ere izango dira goizean, eta herri kirolak arratsaldean. Izan ere, herri kirolen saio baten tokian, bi antolatu dituzte aurten, eta lau emakume arituko dira aizkoran, gaurkoan: Malen Barrenetxea auzotarra, Laiene Pikabea ereñotzuarra, Nerea Arruti urnietarra, eta Amalur Arbelaitz oiartzuarra. Bere laugarren plaza izango du Barrenetxea gazteak, 13 urterekin; eta estreinakoz ariko da Martindegin.  Arrutirekin osatuko du bikotea, Urrezko Aizkolarien txapela jantzi berri duenarekin; eta aurrez aurre izango dituzte Pikabea, txapelketa horretako hirugarrena, eta Arbelaitz. Lehia polita eskainiko dute, bi bikoteek.

Gauean, berriz, auzoko bi musikarik jarriko dute giroa: erromeria izango da, Eider Tolosaren eta Elaia Diazen eskutik.

 

«Guk atzo hasi genituen jaiak, dena prestatu ondorengo afari-meriendarekin!»

Gaur hasiko dira San Ferminak ofizialki, baina atzo murgildu ziren festa giroan, auzotarrak, lanak bukatu ondoren. «Astelehenean elkartu ginen, txosna montatzeko, trasteak prestatzeko eta abar. Asteartean atseden hartu genuen, eta atzo bukatu genituen lanak: auzoa jantzi, hozkailuak bete, musika ekipoa prestatu... Eta bukaeran, ohiturari jarraituz, afari-merienda egin genuen, lanean aritu ginenok, Auzo Elkarteak eskainita. Beraz, guk atzo hasi genituen jaiak! Egia esan, afari-merienda horrek saltsa polita ematen du, eta azkenerako, biltzen da jendea. Esku gehiagorekin, errazago egiten dira gauzak», diote.

Aurten, gainera, esku gazteagoak ere izan dira tartean, eta pozik daude horrekin: «gazte batzuk ere animatu dira, antolakuntzan sartzera; 15-16 urtekoak, eta gaztexeagoak. Gogotsu daudela ikusi dugu, eta ikusteak atzetik badatozela gazteak, gu ere animatu egiten gaitu».

Pandemiaren aurreko egitaraua berreskuratuko dute San Ferminek, muinean. «Ia berbera izango da, baina funtzionatzen baldin badu, zertarako aldatu?», nabarmendu dute. Izan dute zalantzarik, ekintza batzuekin, antolakuntzak daukan karga astuna pixka bat arintzeko: «gauza batzuk kentzekotan egon gara, zalantzan. Beti pentsatzen duzu, hau kenduko duzula, eta lasaiago hartuko duzula. Baina azkeneko momentuan, hori ez dagoela kentzerik, beste hura ere egin beharra dagoela... Eta azkenean, den-dena egingo dugu aurten ere. Bakoitzak bere ardurak dauzka, lanak banatuta dauzkagu, eta guztiarekin egin dugu aurrera. Alderantziz, kendu beharrean, gauzak gehitu ditugu. Lau egun izango dira, herri kirol saio baten partez bi prestatu ditugu... Baina bizi egiten dugu auzoko festak antolatzearena, eta gustura gabiltza».

 

Ostiral arratsalde potentea, astebururako motorrak berotzeko

San Fermin egunaren ondoren, bihar goizean hartuko dute atseden txiki bat festek, baina oso indartsu bueltatuko dira arratsaldean. Kalejiraren eta puzgarrien ondoren, urteroko bi zita klasiko izango dira: tortilla lehiaketa, eta sagardo dastaketa, 13 sagardotegiren partehartzearekin. Gainera, Bide Batez taldeak luzatuko du gaua, erromeriarekin.

Eta potentea izango bada ostiral arratsaldea, are potenteagoa dator asteburua, bete-betea. Larunbatean, ohiko omenaldia goiko aristian, auzo bazkaria, zezentxoak eta zalditxoak, zaldi dema, eta Laiotz taldearekin dantzaldi bikoitza: arratsaldean bata, eta gauetik goizaldera bestea.

«Egunean zehar, badakigu jendea etorriko dela. Gauean, larunbatean luzatzen dugu festa, Laiotzekin, baina izaten dugu konpetentzia: kotxea daukaten gazteak, Lesakako festetara joaten dira. Ohitura haundia daukate gazteek, Astigarragatik eta Hernanitik, Lesakara joateko», diote auzo elkartetik. Horregatik, gazteak bertan geratzeko saiakera egin dute aurten: «zerbait bilatu nahi izan dugu, gazte horiek erakarri eta auzoan geratzeko; eta Zuttik elektrotxarangarekin hitz egin dugu, auzoko bi gazte daudelako taldean, gainera. Nahi genuen, Laiotzen kontzertua lehenago bukatu eta beraiek jotzea ondoren. Baina data aldetik, ez zuten posible taldea elkartzea larunbatean... Datorren urterako gordeko dugu ideia!». Edonola ere, goizaldera arte luzatuko da festa, eta klasiko batekin emango diote bukaera: platano dantza lehiaketa xelebrearekin.

Platano dantzan aritzeko bezainbeste arazo izango dute batzuek, igandean indar nahikorekin jaikitzeko. Baina goiz esnatu beharrik ere ez dute izango, Txirrisklako txistularien dianak horretarako ahalegina egingo duen arren. Eguerdian izango da herri kirol erakustaldia, Xabat Olaizola harrijasotzailearekin, eta bailarako lau aizkolari gazterekin: Jokin Urretabizkaia Basozabal, Suharri Rodriguez Paolla, Igoin Pikabea eta Axel Larrañaga. Amets Arzallus eta Sebastian Lizaso bertsolariak ere ariko dira eguerdian, eta bigarren saio bat eskainiko dute arratsaldean, Alaia Martin batzen zaienean. Baina tartean, 24garren edizioa izango du Trikitilari Gaztetxoen Txapelketak.

Tokak ere ez du hutsik egingo igande arratsaldean, eta erromeriarekin jarriko diete errematea San Ferminei, Lidia Irigoienek eta Leire Astiazaranek, iluntzean. Haiek azkeneko notak jotzean, kalejira egingo dute berriro auzoan zehar; baina oraingoan, jaiei bukaera emateko izango da.

 

GAUR, osteguna

10:30, Festei hasiera emateko, auzoan zehar kalejira

11:00, Auzoko hildakoen alde meza. Ondoren, hamaiketakoa Oialume tabernaren eskutik.

12:00, Haur jolasak eta buruhaundiak

17:00, Puzgarriak

17:30, LI. Tiro karabina lehiaketa

19:30, Herri kirolak. Lau emakume aizkolari, beraien arteko lehian: Malen Barrenetxea, Laiene Pikabea, Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz.

22:30, Erromeria, Eider Tolosarekin eta Elaia Diazekin

BIHAR, ostirala

17:30, Kalejira

18:00, Puzgarriak

19:00, Dastatzeko tortillak jasotzea

20:00, Sagardo dastaketa eta pintxoak, ondorengo sagardotegiekin: Zelaia, Oialume Zar, Oiarbide, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Petritegi, Larre Gain, Iretza, Artola, Elutxeta, Indioene eta Bereziartua

Ondoren, Tortilla goxoenaren emaitza, Akelenea jatetxeak saritua

22:30, Erromeria, Bide Batez taldearekin

ETZI, larunbata

10:30, Mobida

13:00, Goiko aristian oroigarri xume bat 'gure artean ez daudenentzat'. Tturko familiari eskertza, egiten dieten harreragatik.

14:30, Auzo bazkaria. Txartelak astelehenean jarri zituzten salgai, auzo elkartean.

18:00, Zezentxoak eta zalditxoak

19:30, Arratsaldeko dantzaldia, Laiotz taldearekin

22:15, XIX. Zaldi Dema: Andoni Mendizabal 'Asteasu' eta Etxetxo 'Zumaia'

23:30, Dantzaldia, Laiotz taldearekin

Ondoren, Platano dantza lehiaketa xelebrea

UZTAILAK 10, igandea

Goizean, Diana, Txirriskla taldeko txistularien eskutik.

12:00, Euskal festa. Aizkolariak, Urumea bailarako lau gazte: Jokin Urretabizkaia 'Basozabal', Suharri Rodriguez 'Paolla', Igoin Pikabea eta Axel Larrañaga. Harrijasotzailea: Xabat Olaizola.

13:00, Bertsolariak: Amets Arzallus eta Sebastian Lizaso

17:00, XXIV. Trikitilari Gaztetxoen Txapelketa

Jarraian, Bertsolarien bigarren saioa: Amets Arzallus, Sebastian Lizaso eta Alaia Martin

18:00, Toka txapelketa nagusia, Gurutzeta sukaldeak antolatuta

20:00, Erromeria, Lidia Irigoien­ekin eta Leire Astiazaranekin

Ondoren, Kalejira auzoan zehar, festei amaiera emateko

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!