«Eskuko minez asko sufritu nuen hasieran, baina garbi daukat aizkoran jarraitu nahi dudala»

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 7a, 00:00

Laugarren plaza izango du gaurkoa Malen Barrenetxeak, aizkoran; baina aurrenekoz ariko da auzoan, Martindegin.

Oso bereziak izango dira auzoko festak, aurten, Malen Barrenetxearentzat: aizkoran ariko da gaur, Nerea Arruti, Laiene Pikabea eta Amalur Arbelaitzekin batera. Urtebete da aizkora aurrenekoz hartu zuela, eta hasierako babak eta zauriak atzean utzita, laugarren plaza izango du.

San Ferminak, auzoko jaiak, beti dira bereziak Martindegiko bizilagunentzat. Beharbada aurten gehiago, normaltasuna eta bere egitarau potentea berreskuratuta. Baina Malen Barrenetxearentzat, osagai gehigarri bat izango dute: herri kirolen erakustaldian hartuko du parte gaur, eta aizkoran ariko da, beste hiru emakumerekin batera. Nerea Arrutirekin osatuko du bikotea berak, Urrezko Aizkolarien Txapelketa irabazi berri duen urnietarrarekin; eta aurrez aurre izango dituzte Laiene Pikabea ereñotzuarra eta Amalur Arbelaitz oiartzuarra.

13 urte besterik ez dauzka Barrenetxeak, baina buru-belarri murgildu da aizkoran; eta hasierako babak eta zauriak atzean utzita, garbi dauka horretan jarraitu nahi duela. 

San Isidro egunez egin zuen bere aurreneko plaza Barrenetxeak, Hernanin, «oso urduri». Beste bi egin ditu ordutik, eta martxa polita hartuta, etxean izango du laugarren saioa, Martindegiko, gertukoen animoak lagun dituela. 

 

Noiztik zabiltza aizkoran?

Orain dela urtebete inguru hasi nintzen, etxean, aitarekin. Berak puntu batera arte erakutsi zidan, zekien neurrian; eta hortik aurrera, Gabriel Saralegirengana jo genuen. Orain Leitzan entrenatzen dut, duela sei hilabetetik edo. Ikusi nuen hauxe zela nahi nuena, eta buru-belarri murgildu naiz. Astean bitan entrenatzen dut Leitzan, aizkorarekin; eta gainerakoan, mendian korrika aritzen naiz, erresistentzia lantzeko.

 

Nolatan probatu zenuen aizkora?

Anaiak probatu nahi zuen, lehengusua aizkoran aritzen delako. Aitak aizkora bat ekarri zion, eta ikusi nuenean, esan nien nik ere nahi nuela proba egin. Egur bat prestatu zidan aitak, hasi nintzen, eta gustatu egin zitzaidan. Eta ordutik, gaur arte.

 

Hasieran ez zen erraza izango...

Bai, gogorra da. Batetik, gauza asko erakusten dizkizutelako aldi berean, nola egin aizkoran, baina pixkanaka ikasten dituzu. Eta bestetik, eskuetako mina. Zenbat sufritu dudan... Babak ateratzen zitzaizkidan, odoletan ere izaten nituen eskuak batzuetan... Baina gogortu egiten zaizkizu pixkanaka, eta orain nahiko eginda dauzkat, asko hobetu dut zentzu horretan.

 

Hobekuntza nabarituko zenuen, urtebete honetan.

Bai bai, asko nabaritu dut. Leitzan hasi nintzenetik, konturatu naiz gehiago aguantatzen dudala, eta egur haundiagoak mozteko gaitasuna daukat, teknika ere hobetu dudalako. Garrantzia haundia dauka teknikak. Indarra behar da, baina teknika ona ere bai.

 

Zer izan zen, engantxatu zintuena?

Ez dakit esaten zehazki zer... Herri kirol mundua betidanik jarraitu dugu etxean; herri kirol zalea daukagu familia. Eta aizkora probatu nuenean, asko gustatu zitzaidan.

 

San Ferminetan aizkolariak ikusten zenituenean, inbidia ematen zizuten?

Hasieran ez, ez ninduen erakartzen. Ez nuen ikusten neure burua, aizkora hartuta. Baina probatu nuenean konturatu nintzen baietz, horretan aritu nahi nuela.

 

Aurretik aritu zara beste herri kirolen batean?

Auzoko festetan pixka bat, baina bestela ez. Palan aritzen nintzen, baina utzi egin dut, aizkoran zentratzeko. Musikarekin bateratzen dut orain, hori ez dut utzi.

 

Aizkolariaren eskuak eta musikariarenak... Bateragarriak dira?

Hasieran lanak izan nituen. Gitarra jotzen dut nik; eta aizkoran hasi nintzenean, ezkerreko eskuan baba non ateratzen zitzaidan arabera, mina ematen zidan gitarrarekin. Baina biak ditudanez gustuko, eta bietan aritu nahi dudanez, ahal bezala moldatzen nintzen.

 

Nolako saioa izango da gaurkoa? Ez dira edozein, ondoan izango dituzun aizkolariak...

Erreferenteak dira niretzat. Elkarrekin entrenatzen dugu laurok, Leitzan, Gabriel Saralegirekin. Bikoteka ariko gara, aurrez aurre: ni Nerea Arrutirekin batetik, eta Laiene Pikabea eta Amalur Arbelaitz bestetik. Txanda librean ariko gara, eta lau enbor moztu beharko ditugu.

 

Ez da zure aurreneko plaza izango...

Ez, beste hiru egin ditut aurretik. Hernanin egin nuen debuta, San Isidro eguneko jaiaren barruan. Antzinen egin nuen bigarrena, Nafarroan. Eta Berastegin hirugarrena, aurreko igandean. Eta aurrera begira, saio gehiago ere badauzkat, Nafarroan, Zizurkilen... Nahiz eta gaztea izan, ohitzeko oso ondo datorkit plazak egiten joatea, urduritasuna kontrolatzeko. Asko sufritzen dut nerbioekin. Aurreneko plazan oso urduri aritu nintzen hasieran, eta pixkanaka lasaitu nintzen. Bigarrenean, aldiz, lasai aritu nintzen, eta oso ondo. Kontua da Nafarroan nengoela, jende ezagunik gabe, eta Ibai Soroarekin bikotea osatuta aritu nintzen; horrek asko lasaitu ninduen. Baina Berastegin, berriro ere oso urduri aritu nintzen. Bigarren mailako finala jokatu zenez bertan, maila haundia zegoen, eta jende pila bat. Presio hori guztia nabaritu nuen. Baina horrela hartzen da esperientzia, eta horrela ikasten da urduritasuna kontrolatzen: plazak eginez.

 

Eta auzoan, nola arituko zara?

Uste dut urduri egongo naizela... Baina Nerea ondoan edukita, uste dut lasaituko naizela, eta gustura arituko naizela.

 

Animorik ez duzu faltako, behintzat...

Ez, hori seguru ezetz!

 

Emakume asko ari zarete animatzen herri kirolekin...

Bai, bereziki harrijasotzen. Crossfitetik datoz asko. Pentatloiak erakarri egin ditu, eta herri kirolak probatzen hasi dira. Nerea Arruti bera horrela hasi zen. Crossfiteko gimnasioetara joan izan dira prestatzaileak, harriekin, bertan zebiltzanek probatu zezaten; eta horrela animatu dira asko.

 

Aurrera begira, segida izango du, emakumeen herri kirolen indartze honek?

Baietz iruditzen zait. Herri kirolak gora datoz emakumeen artean, eta uste dut emakume gehiago animatuko direla oraindik. Luzaroan iraungo duela esango nuke. Nik, behintzat, garbi daukat honekin jarraitu nahi dudala.

 

Auzoan ez al da beste inor animatu, oraindik?

Oraingoz ez, baina akaso animatuko da bakarren bat. Gogorra da aizkora, hori horrela da, eta sufritu egin behar da. Bereziki hasieran, eskuak egin arte. Gustatu egin behar zaizu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!