Iruki-Donostialdea Bizikletan taldeko Yago Agirre, Espainiako txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 5a, 09:17
Harrera egin zioten taldekideek Yago Agirreri, igande arratsaldean Donostian. Argazkia: Markel Laskurain

Junior mailako Espainiako Txapelketa irabazi du txirrindulari donostiarrak. Taldekideek harrera egin zioten igandean, Valladolidetik bueltan.

Egun haundia izan zuen igandekoa, Iruki-Donostialdea Bizikletan taldeak: junior mailako Espainiako Txapelketa irabazi zuen Yago Agirre donostiarrak, Valladoliden, Euskadiko selekzioa ordezkatuz.

Helmugatik 25 kilometrora egin zuen ihes Agirrek, Pablo Torres madrildarrarekin batera. Ondo aritu ziren elkarlanean, baina 10 laguneko talde batek harrapatu zituen. Edonola ere, indar erakustaldia eskaini zuen donostiarrak, eta berriro egin zuen ihes. Oraingoan, Mikel Uncilla nafarrak harrapatu zuen, eta haiekin egin zuten bat Luis Garcia kantabriarrak, Sergio Romeo gaztelarrak eta Jordi Artigues balearrak. Elkarrekin iritsi zen boskotea azkeneko kilometrora, tropela gain-gainean zuela, baina garaipena beraien artean jokatzeko aukerarekin. Eta esprintean, azkarrena izan zen Yago Agirre, Uncillaren eta Romeoren aurretik.

Donostialdea Bizikletan taldeko gainerako juniorrek, berriz, Javier Ezenarro Memorialean hartu zuten parte larunbatean, Mendaron. Bertan izan ziren Aner Zilbeti, Unax Urretabizkaia eta Ekhi Muñoz hernaniarrak, eta Tasio Semperena astigartarra. Lauek lortu zuten lasterketa bukatzea: 15garren sailkatu zen Zilbeti, 30garren Urretabizkaia, 32garren Semperena, eta 41garren Muñoz. Gainera, taldekako sailkapenean, hirugarren postua eskuratu zuten.

Hurrengo egunean, berriz, Donostian elkartu zen taldea, arratsaldean, Yago Agirreri harrera egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!