Frantziako Tourra 2022

Jakobsen suziriak aho bete hortz utzi du berriro Van Aert

Andoni Urbistondo 2022ko uzt. 2a, 17:40

Quick Step-ekoak dotore irabazi du etapa, Van Aert eta Pedersenen aurretik; eroriko handi bat egon da helmugatik 2 kilometrora, itxuraz ondorio larririk gabe, eta Grand Belt zubian ez da triskantzarik gertatu

 

Tentsioa eta urduritasuna, sobera; triskantza apala. Horixe bigarren etapak utzitakoa. Grand Belt zubiko pasaeran haize-babesak egotea espero zelako, baina kontrako haizeak ez du lagundu, eta tropelak nahiko lasai egin ditu zubiko 16 kilometroak, hasieran eta bukaeran salbu. Erorikoak egon dira zubi hasieran, eta Uran izan da kaltetuena. Kolonbiarrak 1.30ko atzerapena ere pilatu du, baina kontrako haizea lagun, multzo nagusira bueltatzea lortu du zubia bukatu baino lehen. Hiru kilometroko segurtasun eremuan sartuta, bi pilaketa gertatu dira, eta dozena lagun jausi dira pilaketa bakoitzean. Ez da alderik egongo sailkapen nagusian, erorikoa segurtasun eremuan geratu delako. Erori direnek oinazeak izanen dituzte gaur eta bihar, eta gerra partearen zain egon beharko da badaezpada. Esprintean Fabio Jakobsen nagusitu da, Van Aert eta Pedersenen aurretik.

Garaipen ikusgarria lortu herbeheretarrak, helmugatik 500 metrora 8.-10. posizioan baitzegoen. Nahasia izan da esprinta, eta Van Aert-ek eta Pedersen-ek bideratua zuten garaipena. Van Aert-ek ondo neurtu ditu indarrak, eta aise gainditu Pedersen, baina besoak garaile jasotzera zihoanean tximista baten pare pasa dio eskuinetik Jakobesenek, eta etapa irabazi. Morkov.ek bideratzaile lan aparta egin dio Jakobsen-i azken 300 metrotan, hamaikagarrenez, eta Jakobsen-ek erremate bikaina eman azken hatsean, ohi bezala. Denboraldiko 11. garaipena da Jakobsenentzat, eta bitik bi Quick Step taldearentzat Tourrean. Hori bai, lidergoa galdu dute, Van Aert-en mesedean, bigarren postuarekin sei segundoko gainsaria lortu duelako Jumbokoak.

Bihar 3. etapa jokatuko da, Danimarkako azkena, 182 kilometrokoa, eta erabat laua, laugarren mailako hiru mendatetxo izan ezik. Esprintean erabakitzeko etapa aproposa, berriro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!