Bere indarra berreskuratuko dute San Ferminek Martindegi auzoan, lau eguneko festarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 4a, 00:00
Ohi bezala, kalejiran emango diete hasiera San Fermin jaiei, ostegun goizean.

Joan den urtean jaiak 'eserita' ospatu ondoren, egitarau potentea prestatu dute aurten, ostegunean hasi eta igandera bitarte.

Izan zuten zerekin gozatua Martindegiko auzotarrek, joan den urteko uztailean. Pandemiaren eraginpean, San Fermin jaiak 'eserita, lasai eta txintxo' ospatzeko egitaraua prestatu zuten orduan, maila haundiko musikari, dantzari, herri kirolari eta bertsolariekin. Baina bere indar guztia, aurten berreskuratuko dute San Ferminek, lau eguneko egitarau potentea prestatu baitute.

Ostegunean hasiko dira festak, San Fermin egunez; eta ohiko kalejirarekin emango diete hasiera. Haurrek gozatzeko moduko eguna izango da, jolas, buruhaundi, puzgarri eta tiro karabina lehiaketa artean. Baina baita helduek ere, arratsalderako prestatu duten herri kirol saioarekin: Malen Barrenetxea, Laiene Pikabea, Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz ariko dira aizkoran, nor baino nor gehiago. Gainera, Eider Tolosak eta Elaia Diazek girotuko dute gaua.

Ederra izango da ostiral arratsaldea ere, sagardo dastaketa eta tortilla lehiaketa tarteko; eta Bide Batez taldeak gauean eskainiko duen erromeriarekin.

Baina egitarau potoloena, ohi bezala, asteburuko bi egunetarako gorde dute. Ez dute hutsik egingo zezentxo eta zalditxoek, Laiotzen dantzaldiek, platano dantzak, herri kirolek, bertsolarien saioek edota Trikitilari Gaztetxoen Txapelketak. Auzo bazkaria ere egingo dute larunbatean, eta txartelak gaur egongo dira salgai, auzo elkartean.


SAN FERMINETAKO EGITARAUA

UZTAILAK 7, osteguna

10:30, Festei hasiera emateko, auzoan zehar kalejira

11:00, Auzoko hildakoen alde meza. Ondoren, hamaiketakoa Oialume tabernaren eskutik.

12:00, Haur jolasak eta buruhaundiak

17:00, Puzgarriak

17:30, LI. Tiro karabina lehiaketa

19:30, Herri kirolak. Lau emakume aizkolari, beraien arteko lehian: Malen Barrenetxea, Laiene Pikabea, Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz.

22:30, Erromeria, Eider Tolosarekin eta Elaia Diazekin

UZTAILAK 8, ostirala

17:30, Kalejira

18:00, Puzgarriak

19:00, Dastatzeko tortillak jasotzea

20:00, Sagardo dastaketa eta pintxoak, ondorengo sagardotegiekin: Zelaia, Oialume Zar, Oiarbide, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Petritegi, Larre Gain, Iretza, Artola, Elutxeta, Indioene eta Bereziartua

Ondoren, Tortilla goxoenaren emaitza, Akelenea jatetxeak saritua

22:30, Erromeria, Bide Batez taldearekin


UZTAILAK 9, larunbata

10:30, Mobida

13:00, Goiko aristian oroigarri xume bat 'gure artean ez daudenentzat'. Tturko familiari eskertza, egiten dieten harreragatik.

14:30, Auzo bazkaria. Txartelak salgai egongo dira gaur, auzo elkartean.

18:00, Zezentxoak eta zalditxoak

19:30, Arratsaldeko dantzaldia, Laiotz taldearekin

22:15, XIX. Zaldi Dema: Andoni Mendizabal 'Asteasu' eta Etxetxo 'Zumaia'

23:30, Dantzaldia, Laiotz taldearekin

Ondoren, Platano dantza lehiaketa xelebrea

UZTAILAK 10, igandea

Diana, Astigarragako Txirriskla taldeko txistularien eskutik

12:00, Euskal festa. Aizkolariak, Urumea bailarako lau gazte: Jokin Urretabizkaia 'Basozabal', Suharri Rodriguez 'Paolla', Igoin Pikabea eta Axel Larrañaga. Harrijasotzailea: Xabat Olaizola.

13:00, Bertsolariak: Amets Arzallus eta Sebastian Lizaso

17:00, XXIV. Trikitilari Gaztetxoen Txapelketa

Jarraian, Bertsolarien bigarren saioa: Amets Arzallus, Sebastian Lizaso eta Alaia Martin

18:00, Toka txapelketa nagusia, Gurutzeta sukaldeak antolatuta

20:00, Erromeria, Lidia Irigoien­ekin eta Leire Astiazaranekin

Ondoren, Kalejira auzoan zehar, festei amaiera emateko

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!