Bertako gaztetxoen natura ezagutzak islada, nazioartera zabaldu den ikerketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 3a, 00:00
12-13 urteko ikasle talde bat, Jaizkibel mendian. Argazkia: Iñaki Sanz-Azkue

EHUk eta Aranzadik egindako ikerketak berretsi du, DBHko ikasleen naturarekiko interesa altua dela, baina ezagutza urria.

Euskal Herriko 12-13 urteko gaztetxoen natura ezagutza eta interesa aztertu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, eta aste honetan aurkeztu dituzte emaitzak. Emaitza horietan, badu bere islada Urumea bailarak ere. Izan ere, Hernaniko, Astigarragako eta Goizuetako haurren ezagutza ere jaso dute, ikerketan zehar. Gainera, lau ikertzailek osatu duten taldeko kideetako bat da Iñaki Sanz-Azkue hernaniarra.

Ikerketaren emaitzak ez dira Euskal Herri mailan geratuko: nazioarte mailako Environmental Education Research aldizkari entzutetsuan argitaratu berri dituzte. «Emaitzek erakutsi du­te, ikasleen naturarekiko interesa altua bada ere, bertako fauna eta flora ezagutza oso urria dela», azaldu dute Aranzadik eta EHUk: «landareen kasuan, gainera, beste hainbat herrialdetan ere antzeman den landareekiko itsutasuna dagoela ondorioztatu da; alegia, haiekiko ezagutza eta interes baxuagoa, animaliekin alderatuz».

Era berean, ikerketak erakutsi du herri txikietan «gaitasun haundiagoa» dutela bertako espezieak izendatzeko; «ziur asko, inguratzen dituen naturarekiko duten eguneroko kontaktua haundiagoa delako». Gainera, ikertzaileek ondorioztatu dute «bertako espezieei lotutako ezagutza eta interes urriak» daudela; eta hori adierazteko kontzeptu berri bat proposatu dute, aurrerantzean zientzia mailan erabiltzeko: bertako espezieekiko kontzientzia eza, edo native species awareness disparity.

«Ezinbestekoa da ingurumen hezkuntza indartzea eta naturaren ezagutzarako tresnak bideratzea»

Ikertzaileek nabarmendu dute, emaitzek erakusten dutenaren arabera, ezinbestekoa dela «ingurumen hezkuntza indartzea eta naturaren ezagutzarako tresnak bideratzea, gizarte mailan zein hezkuntza mailan, egungo eta etorkizunean izango diren erronkei aurre egiteko, gizartearen biodibertsitate alfabetizazioa ezinbestean eman beharreko pausua delako».

Euskal Herriko DBHko 1000 ikasle ingururekin egin dute ikerketa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 26 eskolatako ikasleek hartu dute parte. Haiei, eskatu zieten zerrendatzeko ezagutzen dituzten 10 animalia eta 10 landare basati, adierazteko naturarekiko duten interesa, eta aukeratzeko beraien interesekoa den animalia eta landare taldea. Ikasleen %82,8 izan zen gai 10 animalia zerrendatzeko (batazbeste 9,5 animalia), baina soilik %7,4ak zerrendatu ahal izan zituen 10 landare (batazbeste 5,7 landare). Aipatu zuten animalien erdia da bertakoa, eta beste erdia exotikoa. Eta landareen kasuan, berriz, erdia bertakoa da, eta beste erdia domestikatua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!