Frantziako Tourra 2022

‘Le grand depart’

Markel Irizar Aranburu 2022ko uzt. 1a, 09:03

Akaso guztiz erratuta ibiliko naiz, baina beti pentsatu izan dut, ume edo nerabe moduan bizi izandako oroitzapen eta esperientziek heldu gisa izango garena, edo gaur egun garena baldintzatzen dutela, hein handi batean.

Nire kasuan, aita txirrindulari zale izan, eta gaztetatik bizi izandako txirrindu giroak, uztailak esanahi berezia izatea ekarri du: Frantziako Tourra. Eta Frantziako Tourra diodanean, Tourra esan nahi dut bere konnotazio guztiekin: auto karabana, furgoneta eta kanping dendak, ikurriña, marea laranja, patata-tortilla, beroa, bizikletak, jaia...

Ez dakit kiroletan errege den futbola oporretan delako eta komunikabideek beste kirolei arreta gehiago jartzen dietelako den. Akaso daukan tradizioagatik da, edota egutegian daukan kokapenagatik, baina inork gutxik uka dezake Frantziako Tourra dela egutegiko lasterketa garrantzitsuena.

Lasterketa garrantzitsuena izaki, txirrindulari moduan beti izan nuen Tourra probatzeko gogoa. Bere handitasuna ikusi nahi nuen, Pirinioetako zaleen berotasuna nolakoa zen esperimentatu, eta Champs Elysees -eko birak bukatu osteko txirrindulari karneta jaso…

Hala ere, eta Giro zalea izanik, behin Tourra probatu eta gero, ez dut azken urteetan Tourrera joateko grina berezirik izan, 2023ko Tourra zein berezia izango den konturatu naizen arte. Aurten Tourra Kopenhagen hasiko da, Danimarkako hiriburuan, eta Trek Segafredo gure taldeko zuzendaria Kim Andersen da, danimarkarra! 60 urte pasa ditu, eta batek daki zenbat Tour osatu dituen txirrindulari moduan, beste mordoxka bat zuzendari moduan. Aurtengoa nolako ilusioarekin prestatu eta bizitzen ari den ikusteak ohartarazi dit 2023ko  Bilboko Grand Depart-a edo irteera handia ze berezia izango den niretzat.

Euskal Herrian 2023ko Tourra hasi arte 365 egun lo geratuko gara, baina, halere, etxe aurretik taldeko kotxean pasatzeak zer suposatuko didan pentsatzeak irribarre txikia ateratzen dit, nahitaez. Egun hori iritsi bitarte, italiarrekin ikasitako esaldi bat ekarri nahi nuke idatzi honetara: ‘Una alla Volta’. Alegia, banan bana joaten. Horregatik goza dezagun 2022ko Tourraz. Nire desiorik onenak Tourrean egongo diren zale eta kideei, batez ere nire lagun Kim-i. Aurtengoa majo goza dezagun, eta prest gaitezen munduari euskaldunak nortzuk garen erakusteko, Euskal Herria txirrindularitzaren begietatik zer den erakusteko.

Tik, tak, tik, tak…

365 egun ‘gure Grand Depart’-erako!!!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!