«Gure kroketen berezitasuna da eskuz egiten ditugula, banan-banan, maitasunez»

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 2a, 00:00
Xabat Erroizenea hernaniarra eta Iñaki Azurmendi lankidea.

Donostiako Igaran (Pokopandegi 24) ireki du Xabat Erroizenea hernaniarrak 'Kroketxea' Iñaki Azurmendi lagunarekin batera. Negozio berri bat irekitzeak suposatzen duen esfortzuei buruz jardun du sukaldari hernaniarrak Kronikarekin, eta kroketak egiteko sekretu txikiren bat ere atera du argitara.

Noiz hasi zinen kroketak egiten?

Duela hilabete batzuk hasi nintzen, froga batzuk egiten hasi nintzen etxean, kroketa ezberdinak egiten nituen, eta jendeak gustuko zituela ikusi nuen. Jabetu nintzenean benetan egiten nituen kroketak jendeak gustuko zituela, proiektu serioago bat bilakatzea otu zitzaidan. Negozio itxura txukun bat sortuz. Eta erabaki nuen, nire laguna den Iñaki Azurmendirekin elkartzea. Froga asko, eta lan asko egin ondoren, erabaki genuen, Kroketxea irekitzea. Obradorea aurkitu genuen, eta motorrak berotuta, dagoeneko martxan gaude.

 

Aspalditik ezagutzen duzue elkar Iñakik eta zuk?

Nik bere anaia ezagutzen nuen, nirekin ikasi baitzuen ikastolan. Gero ezagutu ginen Ingalaterrako islan, ni bertan egon nintzen, eta bera etorri ere Ingalaterrara etorri zen udan, sukaldaritza ikasi eta bertan lan egitera. Urteen poderioz, Donostian elkartu ginen berriro ere, duela bi urte. Eta orduz geroztik, hemen gaude. Lana utzi genuen kroketak egiteko, eta hala jarraitzen dugu.

 

Negozio bat sortzeak, hasiera batean ez zizuen bertigorik eman?

Bai, hasieran denok dauzkagu beldurrak, hori logikoa da. Baina ez badiezu beldurrei aurre egiten, jai daukazu. Hasieran, etxean egiten genituen kroketak, ingurukoentzat, funtzionatuko zuen edo ez ikusteko. Ikusi genuenean funtzionatuko lukeela, apustua egin genuen, negozio bat sortu eta kroketak saltzearen apustua, hain zuzen. 

 

Kroketxea dagoeneko martxan da, zer moduz? 

Bai, ofizialki martxan gaude. Ondo hasi gara, baina sekulako lana egiten dugu. Ordu asko eta asko sartzen ditugu. Ez da erraza, azkenean hasieran, gastu asko daude eta hauek ordaindu egin behar dira, eta batzuetan kosta egiten da. Baina bagoaz, apurka-apurka. Gainera, Iñakik eta biok egiten dugu lan, biok bakarrik. 

Lanean, elkarrekin ondo? 

Oso ondo eramaten gara, eta egunero ikasten bata bestearengandik zerbait. Nik Iñakitaz ikasten dut, eta berak nitaz. Eta bai, ederki eramaten gara, txarrerako eta onerako. 

 

Sekretupekoak kontatu gabe... zein da zuen kroketen berezitasuna? 

Denak eskuz eginak daudela. Banan banan egiten ditugu, maitasunez. Horrez gain, produktuen kalitateak ere asko eragiten du. Baina esan bezala, gure kroketen berezitasuna da eskuz egiten ditugula, banan-banan. Prozesu osoan ez dugu makinarik erabiltzen. 

 
Nolakoa da egunerokotasuna Kroketxean? 

Iñaki eta biok etortzen gara goizeko 07:00etan, eta hemen egoten gara kroketak egiten eta gainontzeko lanak egiten, arratsaldeko 18:00ak edo 19:00ak arte. Hala ere, jendearentzat, obradorea ordutegi honetan dago zabalik: astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etatik 17:00etara. 

 

Etxera eramateko zerbitzua ere eskaintzen duzue, zuek egiten duzue banaketa? 

Bai, bi aukera daude: Kroketxera etorri eta eskatutakoa bertan hartu, edo etxera eramaten ditugu. Etxera eramateko, eskaera minimo bat egin behar da, gutxienez 20 kroketa eskatu behar dira. Eta horrez gain, kroketen prezioaz gain, hiru euro gehiago ordaindu behar da, etxera eramateagatik. Hori guk egiten dugu, asteazken eta ostiraletan egiten dugu banaketa.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!