«2006tik jaisten ari zen euskararen kale erabilera, eta joera hori eten egin da»

Aitziber Arzallus (UKT) 2022ko uzt. 1a, 10:15
Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria.

Soziolinguistika Klusterrak hizkuntzen erabileraren kale neurketa egin zuen iaz, eta neurketa horren emaitzak aurkeztu zituen ikerlanaren zuzendari Olatz Altunak (Usurbil, 1971) joan den astean, Bilbon egindako Soziolinguistika Jardunaldietan. Han
aurkeztutakoak honako lerro hauetan xehatu ditu.

Ikuspegi orokor batetik, zein ideia nagusi utzi dituzte hizkuntzen kale erabileraren 2021eko datuek?
Datuok utzi duten argazkia bera da lehenengo ideia; Euskal Herriko kaleetan euskaraz ari zen zortzi lagunetik bat edo herritarren %12,6. Hala ere, momentuko datua baino garrantzitsuagoa da bilakaera, eta ikerketa honek ibilbide luzea duenez, hori aztertu egin dezakegu. Azken bost urteotan, euskararen erabilerak ez du gorabeherarik izan; 30 urte atzera egiten badugu, erabilerak %1,8 egin du gora; eta 2006tik 2016ra erabilera orokorrak beheranzko joera izan zuen, eta hori eten egin da azken bost urteotan. Beste ideia bat da Euskal Herria oso heterogeneoa dela lurraldeei eta eskualdeei dagokienez, eta erabilera maila oso ezberdinak ditugula. Eskualde batzuetan erabilera oso urria da, eta horrek erakusten du oraindik ere oso zaurgarria dela euskara.

Datu horiek aurkezten izan zinen joan zen astean Bilbon, Soziolinguistika Jardunaldietan. Zer-nolako erreakzioak utzi ditu instituzioetako eta eragileetako kideen artean?
Jardunaldietan, bai eragileek, bai instituzioek eskertu egin zuten euskararen erabileraren berri ematen duten horrelako ikerketa zientifikoak egitea. Hizkuntzaren kale erabileraren neurketak diagnosi bat egiten du, hizkuntzaren egoera nolakoa den erakusten du, eta hori behar-beharrezkoa da hizkuntza plangintza eta politika sendoak aurrera eramateko. Gainera, edizio honetan interes berezia zegoela esango nuke, 2006tik zetorren beheranzko joera horri eusten zitzaion kezka zegoelako. Zentzu horretan, eten egin da beheranzko joera hori, baina, aldi berean, eremu batzuetako errealitate gordina agerian jarri du ikerketak. Dena dela, egin den argazkiak balio dezala husnarketarako eta plangintza eraginkorrak diseinatzeko.

Egun, Bizkaian dago kalean euskara gehien entzuten den eskualdea: Lea Artibai. Sorpresa eragin al du emaitza horrek?
Datu horrek dezenteko oihartzuna izan du, eta han eta hemen asko nabarmentzen ari dira, baina, egia esan, guretzako ez da ustekabea izan, Lea Artibai edizio guztietan izan baita kalean euskara gehien entzuten den eskualdea.

Dena den, oro har Gipuzkoan hitz egiten da euskara gehien kaleetan. Eremu euskaldunetan, ordea, beheraka doa erabilera. Joera orokorra dela baieztatzen al dute datuek?
Eremu euskaldunenetan behera egin du kale erabilerak, eta joera hori ez da berria, aurreko edizioan ere gauza bera nabarmendu baikenuen. Horrek ez du esan nahi herri euskaldun guztietan jaitsi denik erabilera, baina orokorrean hori gertatu da. Normalean, herri euskaldun horiek herri ertainak eta txikiak dira, eta nabarmendu egiten dugu datu hori, hizkuntzaren biziberritze prozesurako interes estrategikoa dutelako euskaldun dentsitate handiko eremuek. Horietan, euskara osasuntsu dago eta modu naturalean transmititzen zein garatzen da. Halere, azken urteetan gertatu diren aldaketa urbanistikoengatik eta demografikoengatik, eremu horietako euskaldunen proportzioak eta kopuruak behera egin dutela ikusi dugu, eta horrek isla izan du euskararen kale erabileran. 

Ildo horretatik, ba al dago salbuespenik eskualde horien artean?
Lehendabizi, zehaztu beharko genuke zer kontsideratu eremu euskaldun. Euskara kaleko elkarrizketen %65 baino gehiagotan erabiltzen den eskualdeak kontuan hartzera, honako hauek izango genituzke: muga-mugan legoke Debagoiena, %65,5arekin; Bizkaian leudeke Busturialdea eta Lea Artibai eskualdeak; eta Gipuzkoan, Tolosaldea eta Urola Kosta. Azken bost urteotan, euskararen kale erabilera jaitsi egin da eskualde horietan guztietan, Tolosaldean izan ezik. Beraz, Tolosaldea izango litzateke salbuespena.                                                                         

Kontrara, eskualde ez hain euskaldun batzuetan joera goranzkoa da azken hamar urteetako datuei erreparatuta. Zein da horren gainean egiten duzuen irakurketa?
%30etik beherako erabilera duten eremuak kontuan hartzen baditugu, honako sei hauek ditugu: Bilbo Handia, Enkarterriak eta Arabako Lautada; eta txikiagoak, Arabako Errioxa, Ibarrak eta Mendialdea. Azken hiru horietan, ez daukagu bilakaerarik, baina beste hiruretan, hiru hirigune horietan, gora egin du erabilerak. Egia da erabilera oso baxua dela, %3-4 ingurukoa, baina gora egitea garrantzitsua da. Eta zergatik izan daiteke hori? Eremu horietan euskaldunen proportzioak ere gora egin duelako euskarazko hezkuntza ereduaren hedapenari eta helduen euskalduntzeari esker; alegia, euskaltegien lanari esker. Hala ere, kontuan izan behar da eskolan euskaldundu diren horiek gaztelaniaz hitz egiteko euskaraz aritzeko baino erraztasun dezentez handiagoa dutela, eta gauza jakina da erraztasun handiena duzun hizkuntzara jotzea dela ohikoa. Hortaz, beste motibazio batzuk behar dituzu ondoen moldatzen ez zaren hizkuntza horretan hitz egiteko. Gainera, hirigune horietako euskaldun kopuruak gora egin duen arren, proportzio txikia osatzen dute, eta nolabait, euskaldun dentsitate handiko gune erosoak sortu beharko lirateke euskararen erabilerak nabarmenki gora egiteko; bestela, askok, euskara erabiltzeko aukerarik ere ez dute.

Desberdintasun handia al dago euskal hiztunen artean, generoa eta adin taldeak aintzat hartzen baldin baditugu?
Adin taldeei dagokienez, zenbat eta gazteagoak izan, orduan eta gehiago erabiltzen dute euskara kalean. Ordena honako hau litzateke: haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak. Adinaren inguruako beste bi ideia ere nabarmenduko nituzke. Batetik, adin berekoen arteko elkarrizketetan erabilerak behera egiten duela. Hau da, harreman horizontaletan, haurra haurrarekin, gaztea gaztearekin edo heldua helduarekin ari denean, erabilerak behera egiten du. Eta beste ideia da erabilerak gora egiten duela haurrak elkarrizketan parte hartzen duenean; alegia, elkarrizketa batean haurrak egoteak eragin positiboa duela. Helduen erabilerak gora egiten du haur bat tartean den elkarrizketetan, eta haurrek ere euskara gehiago erabiltzen dute tartean heldu bat dagoen elkarrizketetan, soilik haurren artean ari direnean baino. Gainera, lurralde guztietan antzeman dugu joera hori. Generoari dagokionez, berriz, belaunaldi gazteenetan emakumeek euskara gizonek baino gehiago erabiltzen dutela ikusi dugu. Hasierako neurketetan ez zen gertatzen hori, eta orain ere emakumeen eta gizonen arteko tartea ez da handia, baina esanguratsua da lurralde guztietan gertatzen delako, joera nahiko orokortua delako eta neurketaz neurketa tartea handitzen ari delako. Kalean ez ezik, beste eremu batzuetan ere –fakultateetan, ikastetxeetan, eskolaz kanpoko jardueretan eta abar– egiten ditugu erabilera neurketak, eta normalean, salbuespenak salbuespen, neskek mutilek baino gehiago hitz egiten dute euskaraz. Hor badago zer aztertua: generoek sozialki betetzen dituzten rol horiek euskararen erabileran duten eragina. 

Eskualde batzuetako datuak falta dira Euskal Herriko eskualdeen mapan. Zein da horren arrazoia?
Kontu tekniko bat dago horren atzean. Eskualde batzuetan jasotzen dugun elkarrizketa kopurua ez da nahikoa datu estatistikoki sendoa izateko. Ezin ditugu jaso eskualde bakoitzean gertatzen diren elkarrizketa guztiak; lagin bat jasotzen dugu, eta eremu batzuetan, jasotzen dugun laginaren akatsa edo errore tartea erabilera baino handiagoa izaten da. Beraz, biztanle gutxi dituzten eskualdeetan ez da egokia eskualde mailako datua ematea, baina datu hori behar izaten dugu Euskal Herri mailako datua eta lurraldeetako erabilera indizeak ateratzeko. 

Portzentajeak ez ezik, posible al litzateke eskualde bakoitzeko hiztun kopuru absolutuak ateratzea?
Ez litzateke zuzena izango, hasteko, ez dakigulako zein den eskualde horietan kalean gertatzen diren elkarrizketen proportzio osoa. Hori ateratzeko, adibidez, erabil dezakegu eskualde horretako biztanleen kopurua, baina kale erabilerak ez du eskualdeko biztanleen erabilera neurtzen, ez baitakigu bertakoak diren edo ez, erroldatuta dauden edo ez, turistak diren edo ez… Gainera, kalean, normalean, adineko jende gutxiago ibiltzen dira, gutxiago ateratzen direlako, eta haurrak gehiago. Bestalde, datua gaizki interpretatzeko arrisku handia ikusten dugu. Hiztunen kopurua ematen baldin badugu, erabilera hori oso indibiduala dela dirudi, ezagutza izan daitekeen bezalaxe. Baina ez, erabilera beti da zerbait kolektiboa eta ezegonkorra edo aldakorra, egoerak, solaskideak edo testuinguruak baldintzatu egiten baitute. Horregatik, erabilera datua beti ehunekotan ematen dugu.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!