Espainiako Txapelketan bikain Azparren anaiak, eta Gipuzkoako Itzulian ederki Unax Urretabizkaia

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 29a, 00:00
Urretabizkaia, Xoxokan, taldekideen animo artean. Argazkia: Markel Laskurain

Elite mailako erlojupekoan hirugarren izan zen Xabier Mikel Azparren, 23 urtez azpikoen iraupen proban, laugarren Enekoitz anaia, eta Itzulia 20garren bukatu zuen Urretabizkaiak.

Asteburu berezia bezain ederra izan da joan dena, bailarako txirrindularientzat. Bi zita nagusi izan dituzte: Espainiako Txapelketak, Mallorcan; eta jubenil mailako Gipuzkoako Itzulia, lau etaparekin, Idiazabalen hasi eta Seguran bukatu.

Bi astigartar aritu dira Espainiakoan: elite mailan aritu zen Xabier Mikel Azparren, eta 23 urtez azpikoetan Enekoitz Azparren anaia; eta biek lehiatu zituzten erlojupekoa zein iraupen proba, sekulako emaitzak lortuz. Balentria haundia egin zuen Xabier Mikelek, erlojupekoan hirugarren postua lortu eta brontzezko domina kolkoratuta. Raul Garcia Pierna madrildarra eta Oier Lazkano gasteiztarra soilik izan zituen aurretik. Erlojupeko ederra egin zuen Enekoitzek ere, 23 urtez azpikoetan; eta seigarren sailkatu zen, podiumetik 6 segundura. Baina iraupen proban lortu zuen emaitzarik onena: oso erasokor aritu zen, eta laugarren izan zen helmugan, azkeneko esprintean brontzezko domina lehiatuta.

Jubenilen Gipuzkoako Itzulian, berriz, meritu haundiko 20garren postua lortu zuen Unax Urretabizkaia hernaniarrak, aurreneko etapan erori eta itzuli osoan minduta ibili arren. Gainera, taldekako sailkapenean hirugarren izan da Iruki-Donostialdea. Yago Agirre donostiarra izan da taldeko onena, bosgarren.

Kadeteek San Juan Saria le­hiatu zuten Agurainen, eta lehenengo urtekoen artean, zazpigarren postua lortu zuen Aimar Capdequi astigartarrak, irabazlearen denbora berean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!