Lau t'erdiko finala galdu du Paul Ojuelek, baina ekialdeko txapeldun izan dira Goñi eta Urdangarin

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 29a, 00:00
Txomiñenen irabazita, ekialdeko txapeldun izan da Xuban Goñi, lau t'erdikoan.

Kontsolazioko finala irabazi zuten Xuban Goñi astigartarrak eta Markel Urdangarin hernaniarrak, Gipuzkoako lau t'erdikoan.

Joan den asteburuan jokatu dituzte finalak, Gipuzkoako lau t'erdiko txapelketan; eta jokatutako lau partiduetatik, bi irabazi eta bi galdu dituzte Urumea bailarako esku pelotariek.

Paul Ojuel hernaniarrak zeukan partidurik garrantzitsuena, nagusien lehenengo mailako finala; eta ezin izan zuen txapela ekarri: 22-16 galdu zuen Zegaman, Tartaloetxeko Matxinandiarenaren kontra.

Kontsolaziokoak izan ziren beste hiru finalak, eta ekialdeko txapeldun izatea zeukaten jokoan bailarakoek. Nagusien lehenengo mailan, galdu egin zuen Iñigo Labaka hernaniarrak, Epleko Adur Etxezarretaren kontra (22-6), Astigarragako Txomiñene frontoian. Baina irabazi egin zuten beste biek, kadeteetan: lehenengo mailan, etxean nagusitu zen Xuban Goñi astigartarra, Oiarpeko Manex Olaizen kontra (22-2); eta bigarren mailan, garaipena lortu zuen Markel Urdangarin hernaniarrak ere, Intxurreko Josu Colladoren kontra (22-15), Alegian.

Udaberri Sariko finalak ere jokatu zituzten asteburuan, binaka; eta Astigarragako bikote bat aritu zen, Orion: infantilen bigarren mailan, ekialdeko finala jokatu zuten Oier Galarragak eta Enaitz Isastik, baina galdu egin zuten, Orioko Ganix Minerren eta Etxahun Sukiaren kontra (18-10).

 

Gazte Eguneko Binakako Txapelketa, Goizuetan

Goizuetan, bestalde, udarako txapelketa bat antolatu dute herriko gazteek: Gazte Eguneko Binakako Pilota Txapelketa. Uztailaren 30eko eta abuztuaren 6ko asteburuetan jokatuko dituzte kanporaketako partiduak, goiko frontoian; eta Gazte Egunean izango dira finalak, abuztuaren 13an.

Uztailaren 25era arte eman daiteke izena, Izkiña tabernan eta Estankoan; eta 10 euro dira bikoteko. Txapelketaren xehetasunak whatsapp bidez emango dizkiete partehartzaileei

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!