13 geltoki izango ditu Iruñeako finalerako trenak

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 24a, 00:00
Bilbon aurkeztu zituzten Bertsolari Txapelketa Nagusiaren xehetasunak, Bertsozale Elkarteko kideek.

Getxon hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusia irailaren 24an; eta Urumea bailararekin lotura duten 10 bertsolarik hartuko dute parte.

Asteazkenean eman zuen aditzera Bertsozale Elkarteak, aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiak osatuko duen bidea; eta 13 geltoki izango ditu trenak, Iruñeako finalera iritsi aurretik. Getxon hasiko da txapelketa, irailaren 24an; eta abenduaren 18an bukatu, Nafarroa Arenan.

42 bertsolarik hartuko dute parte txapelketaren 18garren edizio honetan, eta tartean izango dira Urumea bailararekin lotura duten 10 bertsolari, Hernaniko bertso eskolan aritutakoak: Agin Laburu astigartarra, Eñaut Martikorena, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre hernaniarrak, Beñat Gaztelumendi eta Unai Gaztelumendi añorgatarrak, Asier Azpiroz zubietarra, Nerea Elustondo legazpiarra eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra.

Gainera, epaile taldean izango dira bailarako beste bi: Amaia Otxotorena ereñotzuarra eta Bakarne Urreaga hernaniarra.

 

Hiru fase, txapelketak

Une ezberdinetan ekingo dio bertsolari bakoitzak, hiru fase izango baititu txapelketak. Aurreneko fasean ariko dira gehienak, 36 bertsolari, herrialdeetako txapelketetatik sailkatutakoak. Sei saio izango dira, eta sei bertsolari ariko dira bakoitzean. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da hurrengo fasera, eta gainerakoen guztien artean, puntu gehien lortu dituzten 13 bertsolariek ere egingo dute aurrera.

Irailaren 24an, estreinako saioan ariko dira Agin Laburu eta Nerea Elustondo, Getxon, 17:00etan Muxikebarri Zentroan. Asier Azpirozek, berriz, irailaren 25ean kantatuko du Arrasaten, 17:00etan Amaia antzokian. Hurrengo asteburuan ariko da Nerea Ibarzabal, urriaren 1ean Gotaine-Irabarnen, 17:00etan Herriko Gelan. Eta astebete beranduago ariko dira bailarako beste bi: Eñaut Martikorena Donostian, urriaren 8an, 17:00etan Victoria Eugenia antzokian; eta Unai Gaztelumendi Lizarran, urriaren 9an, 17:00etan Los Llanos kulturgunean.

Finalaurrekoetan ekingo diote, aldiz, Unai Agirrek, Beñat Gaztelumendik eta Aitor Mendiluzek. Bi itzuli izango dira finalaurrekoetan, zazpi saiorekin. Aurreneko itzulian, Elizondon ariko da Agirre, urriaren 22an; eta Durangon Gaztelumendi eta Mendiluze, azaroaren 12an. Donibane Garazin eta Irunen izango dira beste bi saioak, finalaurrekoen aurreneko itzulian. 24 ariko dira aurreneko itzuli horretan, eta 18 sailkatuko dira bigarren itzulira. Hiru saio izango dira bigarrenean: Amurrion (azaroak 19), Baionan (azaroak 26) eta Bilbon (abenduak 3).

Finalaurrekoetako bi itzulietan lortutako puntuak batuko dituzte, finalistak zein diren erabakitzeko: puntuazio onena lortu duten zazpi bertsolariak ariko dira Iruñeako finalean, Maialen Lujanbiorekin batera. 2017an txapeldun izanagatik, finalean ariko da hernaniarra, zuzenean. 11:00etan hasiko da, Nafarroa Arenan; eta egun osokoa izango da finala, ohi bezala.

Bilbon aurkeztu zituzten Bertsolari Txapelketa Nagusiaren xehetasunak, Euskaltzaindiaren egoitzan. Bertan izan ziren Oier Iurramendi hernaniarra, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren koordinatzailea; Gontzal Agote, Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kidea; eta Idoia Trenor, Bertsozale Elkarteko koordinatzailea. Nabarmendu zuten, azkeneko urteotan «gertatutakoak gertatuta ere», bertsolaritza «oso bizi» dagoela «euskeraren lurralde osoan. Txapelketa ez da ekintza isolatu bat; txikitik, egunerokoan eta ahalegin haundiz egunero egiten den lanaren ondorioa da».

 

Sarrerak, dagoeneko salgai

Saio guztietarako sarrerak, dagoeneko salgai daude, atzotik. Internet bidez eskuratu daitezke, bertsosarrerak.eus webgunean. Aurreneko faseko saioetarako sarrerak 12 euroan daude salgai (Bertsozale Elkarteko bazkideentzat 10 euroan, eta 18 urtetik beherakoentzat 6 euroan). Finalaurrekoetarako sarrerak, berriz, 17 euro dira (14 euro bazkideek eta 10 euro gazteek). Eta finalerako sarrerak, berriz, 42 euroan eskuratu daitezke (bazkideek 30 euroan, eta gazteek 20 euroan).

Bertsozale Elkarteko bazkide direnek, gainera, finalerako sarrera erreserbatua izango dute ekainaren 30era arte. Hortik aurrera, geratzen diren sarrera guztiak jarriko dituzte salgai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!