Aritz Zubirik, finala gaur: «lanerako prest nago»

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 20a, 00:00
Juanenea, Ansa, Zubiri eta Urriza, finalerako material aukeraketan. Argazkia: Maialen Andres

Urrizarekin batera, Ansa eta Juanenearen kontra jokatuko du Sagardoaren Txapelketako finala, 18:00etan Galarretan.

Egun berezia izanen da gaurkoa, Aritz Zubiri erremontista goizuetarrarentzat. Izan ere, beste final bat jokatuko du gaur, 18:00etan hasita Galarretan: Sagardoaren Txapelketa irabazten saiatuko da, Javier Urriza iruindarrarekin batera, Larre Gain sagardotegiaren izenean. Aurrean, Setien sagardotegiko bikotea izango dute: Imanol Ansa urnietarra eta Aritz Juanenea saldiastarra.

Ligaxkan, elkarren kontra aritu zirenean, Zubiri eta Urriza 30-16 nagusitu ziren; baina oso bestelako partidua espero du goizuetarrak: «beraien partidu kaxkarrena jokatu zuten egun hartan, eta ordutik hobera egin dute nabarmen. Badakigu oso bestelakoa izanen dela oraingoa, final batek dakarren tentsioarekin eta presioarekin». Gainera, ziur dago lan asko egin beharko dutela, «bereziki nik; garbi dago atzean kargatu nahiko dutela jokoa». Zentzu horretan, «lanerako prest» azaldu da Zubiri: «Ansari pelota kentzen saiatuko naiz. Normalean, Urrizari pelota kentzea izaten dute helburu kontrarioek, eta horregatik harritu ninduen beraien pelota aukeraketak. Pelota motelagoak aukeratu zituzten. Baina egia da guk biziagoak hartu genituela, eta finalean kontrarioaren pelotekin ere jokatu dezakezula. Guk ahalik eta partidu onena jokatu behar dugu, eta gauzak behar bezala egin».

ETB1ek gaur gauean eskainiko du finala, 22:20etan hasita, Erremontari saioan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!