- Aixkiria, gogoratzen al zara giza kate gogoangarri hartaz? Eta geroztik etorri ziren ekimen, udaberri festa eta herri galdeketez? Ilusioa bueltatu ziguten. Ilusioa, eta elkarrekin ekiteak denoi ematen digun talde-indar sentsazio hori. Herri batentzat, hori bezalakorik ez dago, eta, ni behintzat, ez naiz sekula ahaztuko!
Izan ere, auzolanean erronkarako biltzen garenean, eraikitzeko aparteko gaitasun kolektiboa dugu. Ez dakit oso ondo nola den kontua, baina badaukagu; piztu bezala egiten gara. Ulertzen didazu, ezta? Berezi apartak izan ziren erronka haiek, bageneukalako zer esan eta zer erakutsi: gure etorkizuna e-ra-ba-ki-tze-ko es-ku-bi-de-a geurea da; eta guk gorpuzten genuen aldarri hori elkarri eskua emanda. Gogoratzen?
- Gogoratuko ez naiz ba! Eta berriz ere badator horrelako beste erronka bat, orduan bezain ikusgarri eta katalanekin elkarlanean gainera, gure mezua nazioarteari helarazteko. Askatasunaren bide sinboliko bat egingo dugu hemendik haraino. Pirinioetako bidea denon artean argiztatuko dugu, uztailaren 2an.
Gu joatekoak gara, gure etorkizuna erabaki nahi dugulako. Baina lehenik eta behin, hori nahi dugula guk esan behar dugu, guk adierazi, mezua guk gorpuztea garrantzitsua delako. Lehen argi bazegoen, azkenaldian inoiz baino garbiago dago, eta uztailaren 2ko eguna eta gaua esanguratsuak izango dira oso, izan ere, gu, taldea, gure eskubideak, mendia eta erronka elkartuko gara; eta horretarako, gaitasuna ez ezik, taldeko sena ere badaukagula esango nuke, ez zaizu iruditzen?
Bai horixe! Eta guk ere parte hartu nahi dugu horretan. Izena emateko erraza duzue ba. Ostegunetan eta ostiraletan Plaza Berrira joatea besterik ez da, 18:00-19:30era; edo larunbatetan, Kale Nagusira, 12:00-13:30era. Bestela, www.gureesku.eus webgunean ere egin dezakezue, eta merezi du, hau ere gogoangarria izango da eta!