Herriarteko finalerdiko itzuliko partidua jokatuko dute hernaniarrek bihar arratsaldean, Oiartzunen

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 18a, 00:00
Jon Jara hernaniarra Oiartzunen izango da bihar, Herriarteko finalerdiko itzuliko norgehiagokan, jubenil mailan.

Hernani 2-1 aurreratu zen joanekoan, eta finalera sailkatzeko aukera izango du jokoan bihar, Madalensoro frontoian, 17:00etan hasita. Autobusa jarri dute zaletuentzat, eta 16:00etan abiatuko da Atsegindegitik. 

Asteburu garrantzitsua da bailarako esku pelotarientzat. Hain zuzen, Herriarteko finalerdiaren itzulerakoa jokatuko du Hernanik, eta Gipuzkoako Eskuzko Berezkoen Txapelketako finala jokatuko du gaur, Imanol Ormazabal astigartarrak. 

Herriartekoan, hernaniarrek Oiartzunen dute hitzordua, bihar, Madalensoro frontoian. Hernani 2-1 aurreratu da joaneko partiduetan eta, beraz, bihar irabaziz gero, finalerako pasea lortuko du. Arratsaldeko 17:00etan hasiko dira norgehiagokak, eta autobusa antolatu dute hernaniar zaleentzat. «Herritar guztiei luzatzen diegu Oiartzunera bertaratzeko deia, zale guztien laguntza, animoak eta indarrak beharko bait ditugu garaipena lortzeko», azaldu dute. Autobusa guztiz doakoa da, eta Atsegindegitik abiatuko da 16:00etan. Hori bai, beharrezkoa zen aldez aurretik izena ematea, eta atzo zen izena emateko azken eguna.

Joaneko partiduan, kadeteek 5-22 galdu zuten lehenengo partiduan, baina jubenilek ezustekoa eman zuten eta 22-17ko garaipena lortu zuten. Nagusiek ere garaipena erdietsi zuten, eta 22-14 irabazi zuten kiroldegiko frontoian. 

 

Imanol Ormazabal, Gipuzkoako finalean

Bere aldetik, alebin mailan, Imanol Ormazabal astigartarrak Gipuzkoako Eskuzko Berezkoen Txapelketako finala jokatuko du gaur, Ataungo Auzoeta frontoian. Mundarrokoak Lapke taldeko Jurgi Landaren aurka neurtuko ditu indarrak, arratsaldeko 16:00etan hasita. Lehenik, bigarren urteko alebinen finalak jokatuko dira; ondoren, infantilen txanda izango da, Ataungo Iñigo Alberdiren eta Azkoitiko Jon Arregirekin. 

Iker Salaberria, etzi Bizkaia Torneoan

Profesionaletan, Iker Salaberriak Bizkaia Torneoa jokatuko du Gorbeia taldea ordezkatuz etzi, astelehenean, Arrigorriagako frontoian, 17:00etan hasiko den jaialdian. Taldeka jokatzen da hiru partiduetara. Bat lau térdi barruan, bestea binaka eta hirugarrena buruz buru. Goizuetarra, buruz buru, jaialdiko hirugarrenean dago iragarrita Elordiren aurka. Dario, Martija eta Victor dira bere taldekideak Oizen aurka jokatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!