Zein da ematen duzuen zerbitzua?
Abentura parke bat da Txindokiko Itzala, eta eskaintzen dugun oinarrizko ekintza edo zerbitzua zuhaitz parkea da. Zirkuitu ezberdinak dauzkagu, adin eta altuera ezberdinetara egokituta daudenak. Bertan daude oreka jolasak, zubi tibetarrak, tirolinak… Hau da ematen dugun zerbitzu nagusia.
Hortaz gain, udan irteerak egiten ditugu, arroia jaitsierak egiteko, familientzat eta lagun taldeentzat. Talde itxientzat, orientazio ekintza bat eskaintzen dugu, Larraitz auzoan zehar dagoen orientazio zirkuitu finko bat daukagu, arku tiroa egiteko ere espazioa badago, eta azkenik, eskalada ere egiten dugu.
Larraitz auzoan, informazio puntua ere eskaintzen dugu, bertako ibilbideen berri emateko, eta turismoa bultzatzeko.
Noiztik dago martxan?
12 garren urtez dago irekita Txindokiko itzala. Hasiera batean askoz ere txikiagoa zen, baina gaur egun haunditu egin da. Izan ere, pixkanaka joan da bidea egiten, eta geroz eta ezagunagoa egin da, familia askok dagoeneko sistema ezagutzen dute.
Covid-19az geroztik, online erreserba sistema erabiltzen dugu; Txindokikoitzala.com webgunean sartuta, bertatik erreserba egin daiteke bakoitzari komeni zaion zirkuitua aukeratuta.
Publiko zehatz bat daukazue?
Gure publiko nagusia familiak dira. Ekintzak familia turismoari edo familia planetarako daude bideratuak. Hala ere, egiten ditugun jarduerak, abenturakoak izanik, edozein adinetarako egokiak eta dibertigarriak dira. Zirkuitu txikiak eta horrelako ekintza xumeagoak familientzat bideratuta daude gehiago. Zirkuitu osoak egiteko, eskaladako ikastaroak egiteko edo orientazio jarduerak egiteko adin guztietako pertsonentzat oso dibertigarriak dira. Beraz, zentzu horretan, esan daiteke oso publiko zabala daukagula.
Halaber, kurtsoan zehar, lan egiten dugu eskolekin eta udalekuekin. Horiei eskaintza berdina egiten zaie.
Nolakoa da lan honen egunerokoa?
Udari dagokionez, egunero irekitzen dugu, ordutegi berdinarekin funtzionatzen dugu asteburuan eta aste barruan. Lehenengo txanda 10:30ak inguruan hasten da, eguerdian itxi egiten da eta arratsaldean berriro irekitzen dugu, 15:30etan, 18:30ak arte, eta azken txanda 17:00etan hasten da.
Zeintzuk dira lanaren alde onak eta alde txarrak?
Txarrenak izan daitezke, aisialdian lana egiten dugunez mundu guztiak jai daukanean, guk lan egiten dugula, udaran, asteburuan... Denek atsedenerako tartea dutenetan, guk egurra eman behar dugu. Eta alde onak badauzka, kalean egiten dugu lan, naturan, lasaitasunean eta ez lau horma artean. Toki hau, izugarria da.
UDAKO ORDUTEGIAUztaila eta abuztua Egunero: 10:30-14:30/ 15:30-18:30 (azken txanda 17:00etan) |
Txindokiko Itzala- harremanetarako601 90 86 69 | 943 654 757 |