Urriza-Zubiri eta Ansa II-Juanenea bikoteak ariko dira Sagardoaren Txapelketaren finalean

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 15a, 00:00

Urriza eta Zubiri, semifinaletako garaipena ospatzen. Argazkia: Maialen Andres

Larre Gain eta Setien sagardotegien ordezkariek irabazi zituzten asteleheneko semifinalak, eta ekainaren 20an jokatuko dute final haundia.

Ereñotzuko Larre Gain eta Urnietako Setien sagardotegiak izango dira aurten, Sagardoaren Txapelketako finalean. Beraien ordezkariak nagusitu ziren astelehenean, txapelketako bi semifinal gogor eta lehiatuetan: Aritz Zubiri goizuetarrak eta Javier Urrizak (Larre Gain), 30-22 menderatu zituzten Beñat Segurola eta Xabier Azpiroz (Petritegi); eta Imanol Ansak eta Aritz Juaneneak (Setien) 25-30 irabazi zuten Endika Barrenetxea hernaniarraren eta Ander Goikoetxearen (Oialume Zar) kontra.

Giro polita izan zen Galarretan, eta jende asko gerturatu zen, semifinaletako partiduek erakarrita. Eta erremontistek ez zuten huts egin. Aurreneko semifinalean, hasieratik nagusitu ziren Ansa eta Juanenea, baina ez zuten alde haundirik lortu hasieran (7-10). Une horretan, ordea, bost tanto egin zituzten segidan (7-15), eta aldea mantendu zuten azkeneko zatira arte (12-20). Baina ez zuten amore eman Goikoetxeak eta Barrenetxeak, eta hiru tantora gerturatu ziren (20-23). Hortik aurrera, ordea, berriro nagusitu ziren urdinak, eta 30eko kartelera egin zuten ihes. Ikusgarria izan zen partidua, eta tanto oso gogorrak jokatu zituzten, tantoen bukaeran lauak lurrean geratu behar izateraino.

Gogorra izan zen bigarren partidua ere, eta azkeneko zatian egin zuten ihes Urrizak eta Zubirik. Aurretik ere lortu zuten lauzpabost tantoren aldea (12-8 eta 19-14), baina partidua berdintzea lortu zuten Segurolak eta Azpirozek berriro (21-20). Hortik aurrera, baina, bere esperientzia baliatu zuen Zubirik, Azpiroz mendean hartzeko; eta gorriek hobeto egin zioten aurre pilatutako nekeari, 30garren tantora iristeko. 

Partidu haundia jokatu zuen goizuetarrak, 11 tanto eta akats bakarra eginda. Beste final bat jokatuko du horrela, datorren astelehenean Galarretan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!