Astigarraga eta Hernani Herriarteko finalerdietan kanporatuak izan dira

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 14a, 00:00

Ane Kerejeta eta Laia Garmendia elkarren aurka aritu ziren finalerdian.

Astigartarrek bueltakoan ere 2-1 galdu zuten Azkoitiaren aurka, eta Hernanik 3-0 galdu zuen Donostian.

Astigarraga eta Hernani kanporatu dituzte, Azkoitiak eta Donostiak, Herriarteko txapelketaren finalerdietan. Joanekoan 2-1 galdu zuten bai batzuk eta bai besteek, eta itzulerakoan ere gehiago izan ziren azkoitiarrak eta donostiarrak. 

Astigarragak esperantza txiki bat zuen larunbateko lehenengo partiduan, baina Asier Salaberria 12 tantotan geratu zen eta 20-12ko emaitza horrekin, ezustekoa ezinezkoa zen. Binakakoan, astigartarrek, Txoperenak eta Zubiarrainek, 12-20 irabazi zuten berriz ere. Azkenengo banakakoan, zazpi barruan, Ganix Urdangarinek 20-11 galdu zuen.

Igandean Loiolan, joaneko emaitzak ikusita, hernaniarrek zailagoa zuten buelta ematea finalerdiari, eta itzulerakoan oraindik eta errazago galdu zuten. Partiduen konposizioa aldatu arren, emaitzak ez zuen hobera egin. Jon Belokik jokatu zuen banakakoan eta 20-7 galdu zuen. Binakakoan, Arandiak eta Manterolak 20-17 galdu zuten eta azkenengo partiduan, 7 barruan, 20-13ko emaitza izan zen Donostiaren alde Agirreren aurka.

 

Enara Macicior eta Ane Kerejeta Adunako finalean, aurrez aurre

Hernaniko palista jubenilak Adunako txapelketa jokatzen ari dira eta garaipena hernaniar batek lortuko duela ziurtatuta dago. Enara Macicior hernaniarra eta Txulobiko Izaro Etxarri, Ane Kerejeta hernaniarra eta Behar Zanako Sara Iruretagoienaren aurka ariko dira ostiraleko finalean, 18:30etan. 

Finalerdiak 30 minutura edo 30 tantora jokatu ziren. Lehenengoan, Macicior eta Etxarrik 25-22 irabazi zuten Julene Inunciaga eta Irati Tejeriaren kontra. Bigarren finalerdian, Ane Kerejetak eta Sara Iruretagoienak Laia Garmendia hernaniarra eta Alaitz Navarro (Txulobi) gainditu zituzten 22-13.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!