Hernani 2-1 aurreratu da joaneko partiduetan, Oiartzunen aurka, Herriartekoaren finalerdian

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 14a, 00:00

Kadeteak ongi hasi ziren, baina galdu egin zuten.

Kadeteek 5-22 galdu arren, jubeniletan eta nagusietan 22-17 eta 22-14 irabazi zuten hernaniarrek; eta, itzulerakoan, igande arratsaldean, aukerak dituzte finalean sartzeko.

Gutxik espero zuten Hernani aurreratzea Herriartekoaren finalerdian, Oiartzunen aurka, baina gertatu da. Hernaniarrak 2-1 gailendu ziren finalerdietako joanekoan, kiroldegiko frontoian. Kadeteek 5-22 galdu zuten lehenengo partiduan, baina jubenilek ezustekoa eman zuten eta 22-17 irabazi zuten. Nagusiek ere garaipena erdietsi zuten, 22-14.

Orain, datorren igandean, Madalensoro frontoian abantaila eutsi beharko dute hernaniarrek finalera sailkatu nahi badute. Tanteoan atzetik dira eta berriz ere bi partidu irabazi beharko dira seguruenik. 

Ostiraleko lehenengo partiduan, Iturbe-Azpeitia kadeteak 4-2 aurreratu ziren, baina oiartzuarrek 1-20ko partzialarekin erraz irabazi zuten. Jon Jarak eta Unai Etxarrik ezustekoa eman zuten Zabaleta-Olaizen aurka 22-17 irabaziz, partidu bikaina jokatuz. Zorteak haien alde egin zuen. 15-10 galtzen joan eta gero, aurkariaren atzelariari eskuak hondatu zitzaizkion eta, une horretatik aurrera, bikote hernaniarrak partidua gogortu zuen eta, sufritzen jakinda, aurrera atera zuen. Nagusietan, Xabier Apaolaza eta Markel Lizeagak 22-14 irabazi zuten, partiduan nagusi izan eta gero.

 

Hodei Expositok irabazi du Biharko Izarrak txapelketa

CD. Hernaniko Hodei Exposito astigartarrak Biharko izarrak txapelketa famatua irabazi du Martxel Iztuetarekin batera. Finalean erraz gainditu zituzten, 22-7, Igoa eta Morgaetxebarria. Expositok ezin hobeto amaitu zuen partidua tanto ezin ederragoak eginda. Urdinek defentsan lan haundia egin zuten, baina azkenean tantoak gorrien alde erortzen ziren. 12-7tik hamar tanto jarraian egin zituzten txapeldunek, 22-7 amaitzeko.

Bestalde, Oier Gurutzealdek Espainiako kluben arteko trinketeko txapelketan azpitxapeldun geratu da. Finalean Eneko Maiz billabonatarrak lortu zuen garaipena 2-0 (15-10 eta 15-11). Errioxako Pradejón taldea ordezkatu du astigartarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!