Erronka zaila bai, baina ez ezinezkoa: finalerako pasearen bila palaz, Hernani eta Astigarraga

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 11a, 00:00

Mikel Txoperena astigartarra, aurreko partidu batean. Beñat Zubiarrainekin, partidu guztiak irabazi ditu Herriartekoan.

Azkoitian jokatuko du Astigarragak, gaur 10:30etan; eta Donostian Hernanik, bihar 09:00etan. 1-2ko emaitzari eta kontrako tanteoari buelta eman behar diote biek, Herriarteko Txapelketaren finalera sailkatzeko.

Beste behin, Herriarteko Txapelketarekin izango dituzte hitzordu garrantzitsuenak, asteburu honetan ere, bailarako pelotariek. Eskuz, atzo iluntzean jokatu zuen semifinaletako joanekoa Hernanik, Oiartzun faboritoaren kontra, etxean. Eta palaz, hil ala biziko partiduak dauzkate Astigarragak eta Hernanik, gaur eta bihar: semifinaletako bueltakoa jokatuko dute, eta 1-2ko emaitzari eman behar diote buelta biek.

Gaur bertan jokatuko du Astigarragak, Azkoitian, 10:30etan hasita. Erronka zaila daukate astigartarrek, markagailua ez ezik, tanteoa ere oso maldan gora jarri baitzitzaien joanekoan. Zehazki, 13 tantoren aldea izan zen Azkoitiaren alde. Hori horrela, gutxienez bi partidu irabazi beharra dauka Astigarragak, eta tantoen alde hori irauli. Banakako partiduetan izango dute lan gogorrena, baina aurreko asteburuan, ezustekoa ematetik gertu izan zen Asier Salaberria, frontoi osoan. Esperantza horrekin ekingo diote gaur.

Astigartarrek bezain zaila daukate kanporaketa, hernaniarrek. Donostian jokatuko dute bihar, 09:00etan hasita Loiolan; eta 1-2ko markagailuarekin eta 9 tantoren desabantailarekin ekingo diote semifinaletako bueltakoari. Astigarragak bezala, banakako partiduetan izango ditu kontrario gogorrenak Hernanik ere, eta bi partiduetako batean ezustekoa ematen saiatuko da.

 

Umore Ona Txapelketako finalak, datorren astean

Eskuzko lehiari dagokionez, berriz, datorren astean izango da hitzordu seinalatua, Urumea bailaran: Umore Ona Txapelketako finalak jokatuko dituzte, ostegunean eta ostiralean, Goizuetako frontoian.

Ostegunean, neska nagusien lagunarteko finala jokatuko dute, 19:00etan hasita, txapelketan parte hartu duten lau goizuetarrek: Irati Arozenak, Maria Eskuderok, Mayi Zelarainek eta Ainhoa Zabaletak.

Eta ostiralean, bost kategoriatako finalak izango dira, 17:00etatik aurrera. Hasteko, sein mailakoa jokatuko dute Mañel Seges eta Beñat Narbarte goizuetarrak, eta atzo arratsaldean izan zen beste semifinala: J.Larin-L.Elizegi goizuetarrak eta E.Goñi-I.Goñi astigartarrak aritu ziren aurrez aurre, finalerako beste txartelaren bila. Ondoren, kimuen txanda izango da: Axel Salaberria eta Eñaut Aranberri goizuetarrek jokatuko dute, eta aurrez aurre izango dute Alize Sagardui goizuetarra, Larraungo Lekuonarekin batera. Haurren mailan, Joseba Arretxe eta Oinatz Gaskon hernaniarrek jokatuko dute, Aurrerako Martinezen eta Alkortaren kontra. Kadeteetan, Añorgako Arrutik eta Gaztelekuko Segurolak osatuko dute bikote finalistetako bat, eta atzo jokatu zuten beste semifinala: Xuban Goñi astigartarra aritu zen, Larraungo Sotilekin batera, Oiarpeko Olaizen eta Zelarainen kontra. Eta nagusietan, azkenik, txapelaren bila ariko dira Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea goizuetarrak, Aurrerako Txoperenaren eta Epleko Odriozolaren kontra.

Esku pelotan, bestalde, Hernanin jokatuko da Berria Txapelketaren final laurdenetako azkeneko kanporaketa: Azpeitiko Ilunpe eta Ultzamako Buruzgain ariko dira aurrez aurre, 17:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!