Hernanik Oiartzunen aurka jokatuko du gaur etxean Herriartekoaren finalerdia

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 10a, 00:00

Unai Etxarrik jokatuko du atzean, jubenilen partidua.

Kanporaketaren joaneko jaialdia 19:30etan hasiko da. Hiru partidu jokatuko dira eta oiartzuarrak dira faborito.

Hamar urte lorpen hori lortu gabe pasa ondoren, aurten bi kanporaketa pasatzea lortu ditu Hernanik eta denboraldiko txapelketa ezaguneneko finalerdietarako sailkatzea lortu du.

Hori horrela, gaur 19:30etan, Hernanin kiroldegiko frontoian, Oiartzunen aurka jokatuko du Hernanik joaneko kanporaketa, aurtengo edizioan txapelak irabazteko herri faboritoa. Oso kanporaketa zaila da, eta inoiz baino beharrezkoagoa izango dira pelotazale hernaniar guztien babesa eta animoak.

Josu Oiaga buru duen entrenatzaile taldeak honako pelotari hauek deitu ditu kanporaketa hau jokatzeko: Kadeteetan, Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia; jubeniletan Jon Jara eta Unai Etxarri; eta seniorretan, Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga.

 

Hodei Exposito Izarrak Txapelketaren finalera sailkatu da 

Hodei Exposito astigartar seniorrak, Mallabian jokatzen ari den Izarrak txapelketa pribatuko finala jokatzeko txartela lortu du. C.D.Hernaniko pelotariak hiru partidu irabazi ditu eta bakarra galdu. Sistema berezi baten bidez jokatzen da txapelketa hau. 
Finala gaur jokatuko da, 19:30etan, eta CD Hernaniko pelotari astigartarrak Iztuetarekin (Tolosa) jokatuko du. Kontrarioak Igoa (Oberena) eta Morgaetxeberria (Lagun Onak) izango dira.

Aurkariak faboritoak izango dira, batez ere kontuan hartuta Expositoren taldekidea gazte mailan dagoen pelotaria dela oraindik eta ez dagoela oso ohitua hain konpromiso garrantzitsuetara.

 

Azkoitia-Astigarraga, bihar goizean

Herriartekoan, palan, itzulerako partiduak jokatuko dituzte Astigarragak eta Hernanik bihar eta etzi. Zaila dute sailkatzea Azkoitiaren eta Donostiaren aurka. Astigartarrek bihar, 10:00etan jokatuko dute Azkoitiko Gurean. Hauek 2-1eko abantaila dute eta tanteoa ere alde dute, 51-38. 

Hernani eta Donostiak, igandean, 09:00etan jokatuko dute Loiolan. Donostiarren abantaila 2-1 eta 51-40ekoa da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!