Finalera pasea zaildu zaie palistei, eta aurrera egin dute esku pelotariek

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 7a, 00:00

Jon Jara hernaniarra, Berria Txapelketan.

Emaitza gazi-gozoak lortu dituzte Hernanik eta Astigarragak, asteburu honetan, Herriartekoan.

Gozotik eta gazitik, bietatik izan du asteburuak, Urumea bailarako pelotarientzat, Herriarteko Txapelketan. Eskuzko lehian izan dira emaitza onak, semifinaletara sailkatu baita Hernani, bueltakoan ere hirutik bi partidu irabazita Andoaini. Palaz, aldiz, ez dituzte nahi bezain ondo hasi semifinalak Astigarragak eta Hernanik, eta 1-2 galdu dute biek, joanekoan.

Azkoitia faboritoa hartu zuen Txomiñenen Astigarragak, ostiral arratsaldean. Banakako bi modalitateetan dira bereziki indartsuak azkoitiarrak, baina ezustekoa ematetik gertu izan zen Astigarraga, aurreneko partiduan: Asier Salaberriak estu hartu zuen Epelde, buruz buru, eta 16-20 galdu zuen azkenean. Binaka, berriz, ondo nagusitu ziren Mikel Txoperena eta Beñat Zubiarrain astigartarrak, Beitiaren eta Juaristiren kontra (20-11). Eta hirugarrenean, aukerarik ez zuen izan Ganix Urdangarinek, Aizpururen aurrean (2-20). Horrela, asko zaildu zaie finalera pasea.

Oso zaila dauka finalera sailkatzea, Hernanik ere. Astigarragak bezala, banakako bi partiduak galdu zituen ostiralean, kiroldegian, Donostiaren kontra. Frontoi osoan, Mikel Manterolak ezin izan zuen Aroztegiren kontra (7-20). Eta zazpi barruan, Elejalderi lan gehiago eman arren, galdu egin zuen Ander Arandiak ere (13-20). Binakakoa irabazi zuten Alain Agirrek eta Jon Belokik, Ezkerraren eta Ubedaren kontra (20-11), kanporaketan bizirik jarraitzeko.

Eskuz Herriartekoan aurrera, Berria Txapelketan ezin

Eskuzko lehian bai, albiste onak Hernanirentzat. Joanekoan bezala, 1-2 menderatu zuen Andoain bueltakoan, eta Herriartekoaren semifinaletara sailkatu da, azkeneko 10 urtetan aurreneko aldiz. Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia kadeteek 19-22 irabazi zieten Uriari eta Salvadorri; Jon Jara eta Oier Alegria jubenilek 22-13 galdu zuten Gaztañagaren eta Belokiren kontra; eta Xabier Salaberria eta Markel Lizeaga nagusiek 7-22 menderatu zituzten Eskudero II eta Usandizaga. Semifinaletan, Oiartzun izango du kontrario Hernanik, txapeldun izateko faborito nagusia.

Bestalde, Berria Txapelketaren final laurdena jokatu zuen Hernanik igandean, Oberenaren kontra; baina ez zuen aukerarik izan, talde indartsuenetako baten aurrean, eta hiru partiduak galdu zituen. Edonola ere, txapelketako zortzi talde onenen artean izan da Hernani berriro, eta zerrendaburu izango da datorren urtean ere.

 
Oier Arsuaga eta Imanol Ormazabal, Zaramaga Txapelketa irabazita.
 
 

Zaramagako txapelak, Ormazabalek eta Arsuagak

Esku pelotari gazteeenen artean, asteburu berezia izan da Imanol Ormazabal astigartarrarentzat eta Oier Arsuaga hernaniarrarentzat. Zaramaga Txapelketako finala jokatu zuten elkarrekin, igandean Gasteizen, alebin mailan; eta 18-6 irabazi zuten, Ibarzabal eta Odiaga bizkaitarren kontra, partidu bikaina jokatuta, torneo ederra borobildu eta txapelak ekartzeko.

 

Ainhoa Urien txapeldun, Bost Barruko Txapelketan

Hernanin bertan, palako Bost Barruko Txapelketa jokatu dute aurten aurrenekoz, CD Hernaniko pala sailak antolatuta. Ostiralean jokatu zituzten finala eta hirugarren posturako partidua, eta Ainhoa Urien izan zen txapeldun, finalean Enara Macicior menderatuta (20-15). Tilosetan beharrean, Ereñotzuko frontoian jokatu zituzten partiduak, euriagatik; eta auzoko jendea zein hernaniar ugari gerturatuta, giro polita izan zen. Ligaxkako partidu guztiak irabazi ondoren, finala irabazteko faborito zen Macicior, baina bere urduritasunak eta Urienen esperientziak markatu zuten lehia. Edonola ere, partidu polita jokatu zuten. Hirugarren posturako lehian, berriz, Ane Kerejetak irabazi zuen, Ekhine Balerdiren kontra (20-17). Balerdik alde haundia lortu zuen hasieran, baina buelta eman zion Kerejetak gero, partidu parekatu bezain ikusgarrian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!