Bi txapel asteburu berean, Hodei Lujanbiok

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 7a, 00:00

Hodei Lujanbio, EH Mendi Erronkan. Argazkia: EH Mendi Erronka

EH Mendi Erronka erreleboka irabazi zuen goizuetarrak larunbatean, eta Intxixu Trail igandean.

Txapel bat ez, bi jantzi ditu Hodei Lujanbio goizuetarrak, joan den asteburuan. Euskal Herria Mendi Erronka lasterketan aritu zen larunbatean Leitzan, eta errelebo proban hartu zuen parte, Oihana Zubillaga anoetarrarekin batera. 67 kilometroko ibilbidearen aurreneko erdia osa­­­­tu zuen goizuetarrak, Leitza­tik Aralarko San Miguelera, Gu­ratz eta Irumugarrieta tontorrak tarteko; eta bigarren erdia Zu­billagak. Bien artean, 6:50:59 den­boran osatu zuten proba, aurrenekoak izan ziren helmugan.

Gainera, EH Mendi Erronkaren ibilbide osoa egin zuten bailarako bi korrikalarik: Aitzol Larrañaga astigartarra 52garren helmugaratu zen, 8:50:42 denborarekin; eta Iñigo Uranga hernaniarrak 11:32:24 denboran osatu zuen 67 kilometroko ibilbidea, 211garren iritsita.

Igandean, berriz, Intxixu Trail lasterketa (16,5 kilometro) jokatu zen Oiartzunen, eta horretan ere txapeldun izan zen Hodei Lujanbio (1:19:06), Aitor Zunzunegi legorretarrarekin batera helmugaratuta. Urumea bailarako beste hiru korrikalari ere izan ziren partehartzaileen artean: Anartz Mendizuri hernaniarra (1:47:09), Joserra Lopez astigartarra (1:47:30), eta Izaskun Zubitur hernaniarra (2:13:01).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!