Txapelak Segurara eta Gabiriara, bailarako bolariak ederki aritu arren

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 7a, 00:00

Arabako bolari bat, larunbatean Ereñotzun, ikusleak adi-adi begira dituela.

Jokin Izagirre eta Naiara Peñagarikano izan ziren Euskadiko txapeldun Ereñotzun. Ibon Miner, laugarren.

Giro ederrean jokatu zuten Euskadiko Bola Txapelketa, larunbat goizean, Ereñotzun. Eta bailarako bolariak primeran aritu ziren arren, Segurara eta Gabiriara eraman zituzten aurtengo bi txapelak, Jokin Izagirrek eta Naiara Peñagarikanok.

72 brilarekin nagusitu zen Jokin Izagirre segurarra, gizonezkoetan, bi txandetan 36na brila botata. 71rekin bigarren izan zen Josu Lazkano, eta 63rekin hirugarren Xabier Lazkano. Haien atzetik izan ziren, bata bestearen segidan, bailarako bolariak: Ibon Miner ereñotzuarra laugarren (61 brila), Joxe Mari Etxebeste astigartarra bosgarren (59), eta Aner Miner ereñotzuarra seigarren (54). Mikel Arroio zazpigarren izan zen, 54 brilarekin.

Garaipenaren lehian izan zen Ibon Miner, bigarren postuan bukatu baitzuen aurreneko txanda, 35 brilarekin; baina ezin izan zuen tiraldi ona errepikatu bigarrenean, eta 26 botata, aukerarik gabe geratu zen. Azkenean txapela urruti izan arren, bere posturik onena lortu zuen Minerrek, Euskadiko Txapelketan, bi aldiz izan baita bosgarren. Joxe Mari Etxebestek, berriz, aurreneko tiraldian galdu zuen txapeldun izateko aukera (25 brila), eta bigarrenean egin zuen sailkapenean gora (34). Eta Aner Miner oso erregular aritu zen (26 eta 28 brila), bi tiraldietan. Horrela, sekulako postua lortu zuen, 14 urterekin eta bere aurreneko txapelketan, denboraldi bikaina borobiltzeko.

Emakumezkoetan, 45 brilarekin nagusitu zen Naiara Peñagarikano gabiriarra. Bigarren izan zen Beatriz Unzue, 40 brilarekin; eta hirugarren Aitziber Makatzaga, 32rekin. Ez zen bailarako bolaririk izan finalean.

Gizonezkoetan zein emakumezkoetan, gipuzkoarrak izan ziren nagusi, eta agerikoa izan zen lurralde bakoitzean modalitate ezberdina jokatzen dela. Gizonezkoetan, aurreneko zortziak izan ziren gipuzkoarrak, eta aurreneko 21en artean sailkatu ziren 14 gipuzkoar (denak, bat izan ezik). Emakumezkoetan, berriz, podiuma osatu zuten hiru finalista gipuzkoarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!