Zaramaga Txapelketako finalean bihar, Imanol Ormazabal eta Oier Arsuaga

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 4a, 00:00

Imanol Ormazabal astigartarra eta Oier Arsuaga hernaniarra.

Gasteizen ariko dira alebin astigartar eta hernaniarra. Hernanik, Berria Txapelketako final laurdena bihar.

16 partidu eta bi hitzordu bereziki garrantzitsu izango dituzte Urumea bailarako esku pelotariek, asteburu honetan. Batetik, Zaramaga Txapelketa ospetsuko finala jokatuko dute bihar Imanol Ormazabal astigartarrak eta Oier Arsuaga hernaniarrak, elkarrekin. Alebin mailako finalean ariko dira, 10:30etan Gasteizko Zaramagako frontoian, Markinako Ibarzabalen eta Odiagaren kontra. Oso partidu parekatua espero da.

Eta bihar bertan, bestetik, Berria Txapelketako final laurdenetan ariko da Hernani. Etxean ariko da, Hernaniko kiroldegian; eta Iruñeako Oberena taldea izango du aurrean, 11:00etan hasita. Iazko txapelduna da talde nafarra, eta erronka zaila dute hernaniarrek. Kadeteetan, Xuban Iturbek eta Oier Azpeitiak jokatuko dute, Sanchez eta Santesteban Nafarroako txapeldunen kontra. Jubeniletan, Jon Jara eta Unai Etxarri ariko dira, eta Sarasibar eta Balerdi izango dituzte aurrean. Nafarrak izango dira faborito, partidu horretan ere; baina bi atzelari dira, eta partidua taktikoki ondo jokatzeak, garaipena eman diezaieke hernaniarrei. Eta nagusietan, azkenik, Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak jokatuko dute, Canabalen eta Aldaberen kontra. Espainiako txapeldun dira nafarrak, baina esperientzia haundiko bikote indartsua osatzen dute hernaniarrek ere, eta lehia parekatua espero da.

Oso jaialdi erakargarria izango da biharkoa, eta zaleen laguntza beharko dute hernaniarrek, konpromiso zaila aurrera ateratzeko. Horregatik, CD Hernaniko esku pelota sailak zale guztiak animatu ditu, frontoira gerturatu eta herriko pelotariei babesa ematera, torneo pribatu garrantzitsuenetako batek semifinaletara sailkatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!