Etxean hasiko dituzte gaur Herriartekoaren semifinalak, Hernanik eta Astigarragak

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 3a, 00:00

Alain Agirre palista hernaniarra, aurreko partidu batean.

Astigarragak Azkoitia hartuko du Txomiñenen, 19:15etan hasita; eta Hernani Donostiaren kontra ariko da kiroldegian, 21:00etan.

Hiru zita oso garrantzitsu izango ditu Urumea bailarako pelotak gaur, Herriarteko Txapelketarekin. Palaz, semifinalak hasiko dituzte Hernanik eta Astigarragak, eta etxean ariko dira biak, Donostiaren eta Azkoitiaren kontra, hurrenez hurren. Eta eskuz, final laurdenetako bueltakoa jokatuko du Hernanik Andoainen, semifinaletara pasea ziurtatzeko.

Arratsaldeko 19:15etan hartuko dute Azkoitia Txomiñenen, palista astigartarrek. Kanporaketa gogorra daukate, txapelketako faboritoaren kontra. Iazko txapelduna da Azkoitia, eta oso talde indartsua dauka, bereziki banakako partiduetarako. Edonola ere, torneo bikaina ari da jokatzen Astigarraga, eta joanekoan emaitza ona lortzen saiatuko da, ezustekoa eman eta finalera sailkatzeko.

Hernanik, berriz, 21:00etan jokatuko du Donostiaren kontra, kiroldegian. Erronka zaila daukate hernaniarrek ere, eta donostiarrak izango dira faborito; baina txapelketan eman duten maila bikainari eutsi, eta sorpresa ematea dute helburu.

 

Final laurdenetako bueltakoa Hernanik eskuz, Andoainen

Eskuzko lehian, berriz, final laurdenetako bueltakoa jokatuko du Hernanik, Andoaingo Arrate frontoian, gaur 18:45etan hasita. Joanekoan 2-1 irabazi eta 20 tantoren aldea lortu ondoren, semifinaletara pasea ziurtatu nahi dute hernaniarrek. Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia ariko dira kadeteetan, Jon Jara eta Oier Alegria jubeniletan, eta nagusietan Xabier Salaberria ariko da aurrean, eta Markel Lizeaga edo Josu Altuna atzean.

Beste hitzordu garrantzitsu bat izango du Hernanik eskuz, igandean: Berria Txapelketako final laurdenak jokatuko ditu, Iruñeako Oberenaren kontra, 11:00etan Hernaniko kiroldegian.

 

5 Barruko Txapelketaren finalak gaur, Tilosetan

Gaur bertan, beste bi partidu erakargarri ere izango dira Hernanin, Tilosetako frontoian. CD Hernaniko pala sailak antolatuta, 5 Barruko Banakako Pala Txapelketaren finalak jokatuko dituzte, 17:00etan hasita: hirugarren posturako lehian ariko dira Ane Kerejeta eta Ekhine Balerdi, aurrena; eta finala jokatuko dute Enara Maciciorrek eta Ainhoa Urienek, ondoren. Sei palista aritu dira torneoan, eta denek denen kontra jokatu dute. Partidu guztiak irabazita iritsi da finalera Macicior, eta bera izango da faborito.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!