Jexux Mari Irazuk irabazi du Mingañe Saltsan bertso afari sariketa

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 1a, 00:00

Leitzan izan zen finala eta larrauldarra nagusitu zen, Iban Urdangarin, Jone Uria, Oihana Bartra, Josu Sanjurjo eta Eneko Lazkozen aurretik.

Hernaniko bertso eskolan aritutako Jexux Mari Irazu larrauldarrak irabazi zuen, joan den ostiralean, Leitzako finaleko Mingañe Saltsan bertso afari sariketa. Mikel Azpiroz Txotxa gai jartzaile zutela, saio polita osatu zuten sei finalistek. Ia bi ordu eta erdiko saioaren ondoren, epaileek hala erabakita Jexux Mari Irazuk eskuratu zuen lehen postua. Sari gisa Leitzako festetako blusa eta festetako bertso saioan parte hartzeko gonbidapena eskuratu zituen Irazuk.

Sariketa izan arren, antolatzaileek ohiko saio baten itxura eman nahi izan zioten sariketari. Plazan ohikoak diren lanak izan zituzten bertsolariek, besteren artean: gai orokorra, ondokoari kantatu eta erantzutea, punttukako ofizioa... bakarkako lanik ere ez zuten izan. 

 

Kanporaketetako bat Aranon izan zen

Saioak bi fase izan zituen. Lehen fasean sei bertsolarik hartu zuten parte. Bertan, puntu gehien lortu zituzten bi bertsolariek, Jexux Mari Irazuk eta Jone Uriak, bigarren fasea jokatu zuten. Irazu, 4 puntu aurretik zela sailkatu ziren bi bertsolariak azken fase honetara eta buruz burukoaren ondotik ere 4 puntutakoa izan zen larrauldarraren aldeko errenta.

Joseba Andoni Beltzak, Julen Zelaietak eta Joanes Ilarregik izan zuten bertsolarien lana baloratzeko ardura. Lehenengoz antolatu du Leitzako Atekaberts bertso eskolak Mingañe Saltsan sariketa. Afari bueltako hiru saio (Uitzin, Berastegin eta Aranon) eta finala izan ditu sariketak, eta saio guztietan giro ederra izan dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!