Lau mosketari geratzen dira, baina podiumak hiru koska ditu. Bat kanpoan geratuko da, baina nor? Gaur- gaurkoz Mikel Landak du aukera gutxien hiru onenen artean geratzeko. Gaur 14 segundo irabazi dizkio Joao Almeidari, baina portugaldarrak 15 segundoko errenta mantentzen du murgiarrarekiko, eta Veronako erlojupekoan, azken egunean, minutu bat sar diezaioke Landari.
Berme edo lasaitasun gehixeago dute Carapazek eta Hindleyk, baina ezin dute lasai egon. Denbora irabazi behar diote Almeidari biharko eta larunbateko etapetan, 40 segundo ez baitira nahiko. Bikote horrek kontserbadore jokatu du gaur, Landaren gurpila zaintzera mugatuz. Jarrera aldatu beharko dute.
Landa ondo, baina ez du hausten. Edo hausten badu, ez erabat. Carapazek eta Hindleyk eutsi egiten baitiote, eta itxuraz, nahiko eroso. Helmugan, gainera, biak Landa baino azkarragoak dira eta segundoak irabazten ari dira gainsarietan. Txaloak merezi ditu Almeidak, burugogorra eta lehiakorra, Abraham Olano bezela inoiz errenditzen ez dena. Erne berarekin.
Nabarmentzeko modukoa Landa eta Bilbao erori egin direla Valico Santa Cristinan, Landak Bilbaoren atzeko gurpila kolpatu ostean. Sineskaitza bezain erreala. Eta erreala ihesaldiak arrakasta izan duela jeste behin, eta Jan Hirt txekiarra izan dela indartsuena Apricako helmugan.
Bihar 17. etapa, Ponte di Legno-Lavarone, 168 kilometro. Bukaeran lehen mailako bi mendate piko ditu, Vetriolo eta Monterrovere. Carapaz, Hindley eta Landa erasotzera behartuak daude.