Asteburu bikaina izan dute Hernanik eta Astigarragak, Herriartekoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 31a, 00:00

Xuban Iturbe pelota jotzeko prest, Oihan Legarreta begira duela.

Palaz, semifinaletara sailkatu dira bi herriak; eta eskuz, primeran ekin dio Hernanik, final laurdenetan.

Primerako asteburua izan da, Urumea bailarako pelotarientzat, Herriarteko Txapelketan. Palaz, joanekoan lortutako abantailari eutsi diote Hernanik eta Astigarragak, eta semifinaletara sailkatu dira. Eta eskuz, aurrerapauso haundia eman du Hernanik, final laurdenetako joanekoan, 2-1 irabazi eta tantoetan alde haundia lortuta.

Lau onenen artean izango dira Astigarraga eta Hernani, palako Herriartekoan. Erraz gainditu du final laurdenetako kanporaketa Astigarragak, Andoainen kontra ia partidu guztiak irabazita. Joanekoan 1-2 nagusitu bazen, bueltakoan hiru partiduetan nagusitu zen, larunbatean Txomiñenen: banaka zazpi barruan, Asier Salaberriak 20-13 menderatu zuen Etxeberria; binaka, 20-13 irabazi zuten Mikel Txoperenak eta Beñat Zubiarrainek ere, Borrero eta Loidiren kontra, semifinaletara pasea ziurtatzeko; eta buruz buru, erraz irabazi zuen Ganix Urdangarinek, Agirreren kontra (20-5).

Gehiago kosta zitzaion Hernaniri, baina ondo nagusitu zitzaion Tolosari, bueltakoan ere hirutik bi partidu irabazita, larunbatean Beotibarren. Banaka zazpi barruan, 20-14 galdu zuen Mikel Manterolak, Laamirniren kontra; eta parekatu egin zuten kanporaketa tolosarrek. Baina Alain Agirrek eta Jon Belokik 9-20 menderatu zituzten Aldazabal eta Erleaga binaka, eta oso bideratuta utzi zuten kanporaketa. Eta errematea eman zion Ander Arandiak, buruz buru, Tapizen kontra nagusituta (12-20).

Orain, semifinaletan, Astigarragak Azkoitia faboritoa izango du kontrario; eta Donostia indartsuari egin beharko dio aurre Hernanik. Datozen bi asteburuetan jokatuko dituzte semifinaletako kanporaketak, ezustekoa eman eta finalerako pasea lortzen saiatzeko.

 

Bi garaipen eta 20 tantoren aldea Hernanik, eskuz

Semifinaletara sailkatzeko aurrerapauso haundia eman du Hernanik, eskuzko txapelketan ere. Ostiralean etxean jokatu zuten joanekoa, Andoainen kontra; eta bi garaipen ez ezik, 20 tantoren aldea ere lortu zuten. Kadeteetan, 22-17 irabazi zuten Xuban Iturbek eta Oihan Legarretak, Uria eta Salvadorren kontra, segurtasun haundiz jokatuz, gutxi arriskatuz eta aurkarien akatsak aprobetxatuz. Jubeniletan, 18-22 galdu zuten Jon Jarak eta Unai Etxarrik, Gaztañaga eta Belokiren kontra; baina meritu haundiko partidua jokatu zuten, maila haundiko bikote baten aurrean 18 tanto lortuta. Eta seniorretan, erabat nagusi izan ziren Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga, Eskudero eta Usandizagaren kontra (22-3): Lizeagak ia pelotarik galdu gabe dominatu zuen peloteoa, eta Apaolazak min haundia egin zuen sakearekin eta mota guztietako erremateekin.

Bestalde, Gasteizko Zaramaga Txapelketan, alebin mailako finalera sailkatu dira Imanol Ormazabal astigartarra eta Oier Arsuaga hernaniarra. Txapelketa bikaina jokatu dute orain arte, hiru partidu irabazita. Igandean, 16-6 irabazi zuten semifinala, Lea Ibarrako Goikoetxearen eta Bengoetxearen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!