Sagarreta Bioaniztasun Taldeak hainbat ekintza antolatu ditu

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 28a, 00:00

Asteazkenean, Kukubaso Elkartea eta Lurgaia Fundazioa ezagutzeko aukera izango da; ostegunean, 'Urak aske' dokumentala proiektatuko dute; igandean, irteera izango da.  

Datorren igandean, ekainaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Egu­na da. Horren bueltan, hainbat ekintza antolatu ditu Sagarreta Bioaniztasun Taldeak, eta bertaratzeko deia luzatu die herritarrei.

Datorren asteazkenean ekingo diote egitarauari, hilaren 1ean. Kukubaso Elkartea eta Luragaia Fundazioa ezagutzeko aukera izango da. Arratsaldeko 19:00etan jarri dute horretarako hitzordua, Biterin. Horrez gain, hilaren 2an, ostegunean, Artikutzako urtegia desagerrarazteak dituen ondorioei buruzkoa Urak aske dokumentala proiektatuko dute, arratsaldeko 19:00etan hasita. Bego Zubia zuzendaria ere bertan izango da, eta gaiaren bueltako nondik norakoak zuzendariaren eskutik entzuteko aukera izango da. Azkenik, agenda borobiltzeko, irteera antolatu dute iganderako. Ugaldetxotik abiatuta, Hernaniko lurretara egingo dute bisita, eta bertako basoa eta eukaliptadia ezagutuko dituzte. Aurreratu dutenez, hiru orduko txangoa izango da. 

 

Ekainaren 6an, 'Urak aske'-ren proiekzioa Astigarragan

Astigartarrek ere izango dute Bego Zubiaren ikus-entzunezkoa ikusteko aukera. Ekainaren 6an proiektatuko dute Erriberan, arratsaldeko 19:00etan, dohainik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!