Nola deskribatuko zenuke Goxoa? Zein helburu du?
Goxoa adar desberdinak dituen enpresa bat da, eta gure helburu nagusia, adar horiekin elikadura lokala sustatzea eta gehien bat, bezeroei produktu ekologikoa eta garaikoa eskaintzea da.
Noiz sortu zen enpresa?
Izatez enpresa duela urte bete sortu zen, baina orain dela lau hilabete hasi gara jardunean. Gorka eta niri, lidergo ekintzailea eta berrikuntza graduan ginela sortu zitzaigun enpresa hau sortzearen ideia. San Franziskora joan ginen eta aurretik, Enekekin, Euskal Herriko ekologia seilua ematen duen enpresarekin, itxi genuen tratua. Bidaian, merkatu ikerketa bat egitekotan geratu ginen, eta justu, Goxoa enpresaren antzeko proiektuekin egin genuen topo. Orduan, inspirazioa hartu genuen, eta hona ekarri genuen ideiarekin ekiteko.
Zer eskaintzen duzue?
Denetik eskaintzen dugu. Saiatzen gara, ahalik eta eskaintza zabalena edukitzen eta erosketa konpleto bat aurkezten, bezeroei: ogia, plater elaboratuak, esnekiak, lekakiak, arroza, pasta eta abar.
Zein motatako ekoizle motarekin egiten duzue lan?
Denetik dago. Batzuk elikagai ekologikoak ekoizten dituzte, beste batzuk, aldiz, modu konbentzionalean aritzen dira. Irizpide nagusia da, Euskal Herriko ekoizleak izan behar direla: Gipuzkoa, Bizkaia, Araba edo Nafarroakoak.
Nola hasten duzue harremana ekoizleekin? Nolatan aukeratzen dituzue produktuak?
Bazkide bat daukagu, Fede izena duena, eta Diametro 200 jatetxea emateaz gain, Oronako jangelaz arduratzen da. Berak pasa zizkigun kontaktu batzuk, eta guk lehenagotik genituen beste kontaktuekin batu ostean, lehenengo pausuak ematen hasi ginen. Lehenengo hurbilpena, proiektuak azaltzea izan zen. Horretarako, bisita bat egin genien ekoizle bakoitzari, guztira 40 bisita izan ziren: argazkiak atera, elkar ezagutu ginen, haien produktuak dastatu, eta abar. Gure proiektua gustatu zitzaiela jakinarazi ziguten unetik hasi ginen lanean.
Ekoizle asko dira, baina aukeratzeko orduan, kasu batzuetan kosta egin zaigu. Adibidez, pasta ekoizten duten ekoizle gutxi daude Euskal Herri mailan. Baina, ikertuz Nafarroan pasta ekologikoa egiten zuen ekoizle batekin egin genuen topo. Beste batzuek aldiz, Federekin lan egiten zuten, eta bagenekien kalitatezko produktuak zirela. Horregatik, erabaki genuen haiekin lan egitea. Hautaketa egiterakoan, asko lagundu digute gure bazkideak.
Filosofia zehatzik baduzue?
Izatez oinarrizko filosofia, tratu justu bat eskaintzea da. Adibidez, ekoizleek haiek prezioak ezartzen dituzte eta ez dute inongo kuotarik ordaintzen. Ekoizleak ahalik eta erosoen sentitzen saiatzen gara. Garrantzitsuena da, denak pozik eta gustura lan egitea.
Zergatik ematen diozue garrantzia produktua bertakoa izateari?
Lehenik eta behin, karbono aztarna ahalik eta gehien murriztea garrantzitsua da, eta bertan ditugun elikagai naturalak ere baloratzea garrantzitsua delako ematen diegu garrantzia bertako produktuei.
Azken aldian, ohiturak galtzen ari dira, eta ekoizleak geroz eta gutxiago ekoizten ari dira, eta gainera, errelebo generazionala ere arazo bat da… Funtsean, produktu lokalei garrantzia eman nahi diegu eta horrekin batera, tendentzia aldatzen saiatu.
Banaketa Gipuzkoa osoan egiten duzue?
Bai, egun zehatz batzuetan egiten dugu banaketa: astelehen, astearte, ostegun eta ostiralean. Asteazkenak jai hartzen ditugu, hurrengo egunetarako eskaerak antolatzeko. Goiz eta arratsaldez egiten dugu lan, orduan nahiko ondo funtzionatzen dugu Gipuzkoa osoan elikagaiak banatzeko orduan.
Menuak ere eskaintzen dituzue. Nola eska daiteke eta nolako aukera ematen duzue?
Menuak, Diametro 200eko sukaldean egiten diren plater berdinak dira. Guk eskaintza luzatu eta komertzializatu egiten ditugu. Orain esaterako, plater hauek Gipuzkoako denda desberdinetan saltzen ari gara: Donostian, Lukasen; Azpeitian, Kiribil ekodenda, eta beste hainbat dendetan.
Geroz eta denda gehiagotan ari gara plater hauek saltzen, eta orain, enpresa maila lantzen ere hasi nahi dugu. Platerak ttuper moduan eskaintzea da ideia, patata fibraz eginiko ontzi batzuetan sartuta. Horrela, enpresa mailan norbait elikaduran interesatua baldin badago, elikadura on bat emateko aukera izango du, guk eskainitako elikagaien bidez.
Nola erosi daitezke zuen produktuak?
Produktuak erosi nahi izanez gero, interneten goxoa.eus webgunearen bidez egin daiteke. Lehenik eta behin, erabiltzailea sortzen duzu, eta ondoren, bertako produktuak erosten hasi zaitezke, inongo konplikaziorik gabe. Bestela ere, enpresako zenbakia daukagu 747 440 112, eta WhatsApp bidez bezeroak zalantzarik izanez gero, idatzi eta laguntzeko prest edukiko gaitu.
Etxez etxeko banaketa soilik egiten duzue, badago beste modurik produktuak lortzeko?
Etxez etxeko salmentaz gain, salmenta puntu batzuk ditugu ezarrita, Donostian. Bata, Tabakalera da, sartu orduko ezkerretan geratzen den taberna, eta gero, Donostiako alde zaharrean dagoen, La Oveja Latxa denda. Bestela ere, unibertsitatean lan egitekotan edo bulego batean, helbide horretara eramateko eskatu dezake bezeroak.
Hasiera batean, Donostiako denda horiek hautatu ditugu salmenta puntu bezala, aurrerago eskaintza zabaltzeko asmoa dugu.
Nolako erantzuna jaso duzue?
Hasiera nahiko potentea izan zen, baina aste bakoitza desberdina izaten da. Azkenean, bezeroak agian, oporretan daude edo bestela, aste batean bai eta bestean ez dute eskatzen. Mota askotako bezeroak ditugu.
Oso pozik gaude lortutakoarekin, eta asko ikasten ari gara, bai merkatu, eta baita ere, ekoizleen bizimoduei buruz. Astero joaten gara, salgaien bila eta bisita egiteko probesten dugu.
Denda fisikorik jartzea pentsatu duzue?
Aurrera begira, epe motz edo ertainean, intentzioa daukagu errepresentazio fisiko bat edukitzeko, baina oraindik, ez dakigu nola eta non egingo dugun. Aurrerago ikusiko dugu, orain dela gutxi ekin baitiogu bideari.