Giroko etapa ederrena ikusi da Torino hiriko landa eremuetan. Akaso Giro osoko onena, gaurko ikuskizuna berdintzea ez baita erraza izango. Besaulkitik mugitu gabe orduak egiteko moduko osagai guztiak eduki ditu etapak: ihesaldia sortzeko zailtasuna, erritmo itoa, oilarrak zigortu nahi zituen taldea, eta oilarren arteko dema. Orduan, batzuk txukun aritu dira, eta beste batzuk ez hainbeste. Balio du ondorio ziurrik ateratzeko? Ez noski, baina gaur ikusitakoa aintzat hartuta, karta asko erakutsi dira, eta ondorio argigarriak atera daitezke.
Lehena, INEOS ez dela Giroko talde indartsuena. Bora-Hansgrohe da, Alemaniako taldea. Eurek hautsi dute tropela, onenen hauspoa behartu. Aleottirekin aurrena, Superga lehen aldiz igo aurretik, eta Kelderman-ekin ondoren, Superga eta Maddalenan gora erritmo itogarria jarriz. 12 lagun geratu dira buruan, eta INEISkoa, bakarra. Berau, ordean ziklista ona, maglia arrosa berria: Richard Carapaz. Momentuz Giroko onena, arrosaren jabe ekuatortarra, Juanpe Lopezen kaltean. Carapaz-ek berak jo du eraso bortitzena, eta 20-25 segundoko zuloa ireki badu ere, Bahrein eta BORAren jazarpen lana erabakigarria izan da Carapaz-ek tarte handia ez irekitzeko. Izan ere, BORAk Buchmann zeukan lanerako, eta Bahrein-ek Pello Bilbao jarri du Mikel Landaren mesedean.
Carapaz, Hindley, Simon Yates eta ikaragarri aritu den Vincenzo Nibali geratu dira buruan une erabakigarrian, eta Yates ingelesak hautsi du Messinako marrazoaren ametsa, etapa irabazteko. Hantxe geratu dira esku hutsik Torinoko tifossiak. Bikain aritu da, era berean, Domenico Pozzovivo, 39 urte, eta 20 ebakuntza jasan dituen italiar ausarta. Joao Almeidak segundo batzuk galdu ditu, eta Landa-Bilbao bikoak minutu erdia Hindley eta Carapaz-ekiko. Txirrindularitzan ezer ezin da ziurtzat jo, baina garbi geratu da Giroa Hindley eta Carapaz-en artean dagoela, gaur-gaurkoz, eta akaso australiarraren aldeko, daukan talde puska ikusita. Podiumeko hirugarren koskarako borroka estua geratu da, eta Landak, Almeidak eta Pozzovivok dirudite hautagai sendoenak Veronan hirugarren eskilarara igotzeko.
Bihar Alpeetako lehen etapa jokatuko da, 15., Rivarolo Canavese-Cogne. 177 kilometro eta hiru mendate bidean: Lehen mailako bi, tente samarrak, eta bukaera bigarren mailako Cogne mendatean, 22 kilometro luze baina etzana. Erne, gaurko indar hustualdiak askoren hanka zuztarrak leundu ezinik utziko baititu asko.