'Winona eta Grace' antzezlana oholtza gainean ikusteko aukera, gaur, Erribera kulturgunean

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 21a, 00:00
Khea Ziater konpainiaren txanda da gaur, eta euskaraz izango da antzerkia. Argazkia: Khea Ziater.

Arratsaldeko 20:00etan, Erriberan izango da Khea Ziater konpainiaren antzezlana. Martxoan estreinatu zen, eta euskaraz izango da. Sarrerak salgai daude, online edo Erribera kulturgunean: 8 euro helduek eta adin txikikoek, 4 euro. 

'Winona eta Grace' antzezlanak aktore izatearen eta bizitza arteari eskaintzearen auzia du ardatz. Hainbeste «gorabehera» dituen lanbide bat bizitzearen ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak azaltzeaz gain, lanbide hori aukeratzeak dakarren errealitatea erakustea du helburu nagusia. 

Khea Ziater konpainia 2010ean sortu zen, 2009an Antzerkiola Imaginarioa taldea desegin ondoren. Alex Gerediaga da zuzendaria, eta obraren bi protagonistak, Ainhoa Artetxe eta Graciela Doniz aktoreek antzezten dituzte. 

Martxoan estreinatu zen obra, Bilboko Arriaga antzokian eta Marylin Monroeren esaldi famatu batean oinarrituta sortu den antzerkia da: «Aktore izatearekin amestea kitzikagarriagoa da aktore izatea baino».    

 

Bi aktore gazteren istorioa, Erriberan

Artetxek eta Doniz-ek, bi aktore gazteren bizipenak azalduko dituzte, obrak irauten dituen 75 minututan. Bi gazte hauen kasuan, zuzendari ezagun baten etxean esnatzen dira, gau festa zoro baten ondoren. Oraindik burua nahastuta eta pixka bat mozkor, bakarrik eta apartamentuan giltzapetuta daudela konturatzen dira. 

Hortaz, patua onartu eta denbora tarte hori elkarrekin bizitzea erabakitzen dute, elkar deskubritzeko eta obra ikustera gerturatzen direnek, nortzuk diren ezagutzeko balioko duten ordu batzuetan. Gizarte eta lanpostu kapitalista eta konpetitibo honetan euren tokia bilatzeko borrokan ari diren bi emakume gazteren istorioa da, hain zuzen ere.

Horrez gain, heldutzeari buruz ere hitz egiten du lan honek, bizitzako erabakiei buruz, amets hautsiei buruz, etsipenari buruz, norbait izateko exijentziari buruz... Eta gainera, «Zer izan nahi dugu?» galdera «Benetan nor gara?» galderak erantzungo dituzte. Winona eta Grace protagonistekin batera, konfesio, negar, delirio, abesti eta barrez betetako bidaia egingo dute astigartarrek, Erriberan. 

Obran zehar, fikzioa eta errealitatea nahasten dira, Gerediagak azaldu duenez: «Artetxe eta Doniz, haiek bizitakoaz eta esperientziaz mintzo dira, hortaz, fikzioa eta errealitatearen arteko hitz joku polit bat izango da antzezlana».

 

Heldu bihurtzeari buruz ere hitz egiten du lan honek, bizitzako erabakiei buruz, amets hautsiei buruz, etsipenari buruz, norbait izateko exijentziari buruz. «Zer izan nahi dugu?» 

 

«Istorioa kontatzeko modu polita du obrak»

Winona eta Grace obraren 15 emanaldi egin ditu jada, Khea Ziaterrek. Horietan, frustrazioa eta ilusioen inguruko enpatia lortu dute, ikuslearengandik: «Kontatutako moduarengatik oso polita da obra, eta modu polit eta narratiboki berezian, azaltzen dU istorioa», azaldu du Gerediagak. 

Bestalde, mezu nagusi «polita» ere badu antzezlanak: «Ametsak jarraitu egin behar dira, nahiz eta, momentu batzuetan dezepzioa eta zailtasunak egon, amets horiek lortzerako bidean». 

Gainera, aktore munduaren errealitatea islatzen du, aldi berean, mundu horretan emakumea eta gaztea izateak dakartzan zailtasunak argitara emanez. 

 

Obra ikusteko sarrerak, salgai

Sarrerak salgai jarraitzen dute; Udalaren webgunean, www.astigarraga.eus; eta leihatilan bertan, emanaldiaren egunean bertan, obra hasi baino ordubete lehenago. Bi preziotako sarrerak daude: helduenek 8 euro balio dituzte, eta adin txikikoenak, berriz, 4 euro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!