Irizar e-mobilityko langileen borrokak fruituak eman ditu eta, dagoeneko, lanean dira

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 21a, 00:00
Adunako Irizar e-mobility-ko langileek, Andoainen jarri zuten pankarta eta bengalak. Argazkia: Irizar e-mobility borrokan

22 egun greba mugagabean egon ostean, itun berria sinatu dute eta asteartetik lanean ari dira langileak. 300 langiletik 180 izan dira, greban parte hartu dutenak. Zenbait hobekuntza lortu dituzte: gaueko plusetan hobekuntzak, eguneko eta urteko lan orduetan murrizketak...

2 egun iraun ditu Adunako Irizar e-mobilityko langileen grebak. Astelehenean sinatu zuten itun berria eta dagoeneko, greba mugagabea bertan behera geratu da. Langileak grebara eraman zituen arrazoi nagusia, azken lau hilabeteetan zuzendaritzarekin izandako harremanetan aurrera egin ezin izatea zen. 

Urumea bailarakoak diren Irizarreko hainbat langile elkarrizketatu ditugu, eta hurrengoa aipatu digute grebak iraun duen egunen harira: «Egia esan, uste baino hobeto eraman ditugu greba egunak, gogorrak izan diren arren. Hasieratik langile asko izan gara, eta asteak pasa ahala gehiago batzen ziren antolatutako ekimenetara».

Adunako autobus elektrikoen enpreskoa langileek, tartean Urumea bailarako herritarrak, apirilaren 25ean hasi zuten greba mugagabea, eta eskatzen zituzten aldaketak hurrengo hauek ziren: Lan beragatik soldata bera izatea; enpresa uzten dutenen baldintzak duintzea eta berdintzea; kontziliazioa bermatzea; esfortzu fisiko haundiko lanak eta arriskuak konpentsatzea eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena kontuan hartzea itun berrian. Hasiera hasieratik utzi zuten argi langileek, bost puntu horiek betetzen ez baziren, ez zutela greba utziko: «Aste santua baino lehen, greba mugagabean hasi behar genuela abisatu ondoren, zalantzak genituen ea zenbat izango ginen grebaren lehen egunean. Baina, zenbat ginen ikusita, oso itxaropen handia genuen itun duina lortzeko». 

Greba mugagabean hiru aste eman ostean, maiatzaren 13an aurreakordioa lortu zuten, langile batzordeak (LAB-eko 8 ordezkarik eta ELA-ko batek) eta zuzendaritzak. Hala ere, langileek itun berria sinatu arte lan-uztean jarraitu zuten. Azkenik, astelehenean sinatu zen itun berria, eta asteartean hasi ziren berriro ere, lanean. Langileak «pozik» daude lortutako hobekuntzekin, baina oraindik «gauza asko hobetzeko» daudela azpimarratzen dute: «Oso pozik gaude lortutakoarekin. Oraindik, gauza asko daude hobetzeko, baina, aurreko itunarekin konparatuz gero, ikusi daiteke Irizar e-mobilityk jauzi haundia eman duela enpresa moduan». Langileek bazekiten, enpresak ez zuela denbora luzez produkzioa geldirik edukitzeko aukerarik: «Diru galera haundia zen beraientzat eta langile guztien jarrera ikusita, gehiengo haundi batek atzera ez zuela egingo ikuste nuen. Hori bai, uste baino luzeago joan da gauza».  

Itun honetan, hurrengo hobekuntzak lortu dituzte: gaueko plusetan hobekuntzak, irteera eta dietetan hobekuntzak, eguneko eta urteko lan orduetan murrizketak, eta kategorietan hobekuntzak. Gainera, KPIaz gaindiko soldata igoerak adostu dituzte itunak iraungo duen urteetarako (2022-2024). «Lanera buelta uste baino hobeagoa izan da, giroa nahiko normal dago enpresan», adierazi du langile batek. Eta beste langileak gaineratu du, enkargatuen eta kooperatibako langileen jarrera, «ona» izan dela orokorrean, eta dagoeneko normaltasun batera iritsi direla.

 

Irizar e-mobility-ren sorrera 

Irizar kooperatiba taldekoa da E-mobility, sozietate mugatu bat eta 2017an martxan jarri zen arren, 2018ra arte ez zuten inauguratu enpresa berria. Adunako lantegiko langile gehienak soldatapeko langileak dira: guztira 300 inguru. Lan talde gaztea du Adunako enpresak, beharginek batez beste, 27 urte dituzte. 

Start-up gisa hasi zen e-mobility-a eta hori dela eta, metalgintza sektorekoa izan arren, langileek ez dauzkate Gipuzkoako hitzarmeneko puntu guztiak bermatuta. Adunan autobus elektriko jakin batzuk sortzen hasi ziren: 18 metroko Irizar i2e artikulatua eta Irizar i65a.

Bertako jarduera nagusia, elektromugikortasuneko soluzio integralak eskaintzea da, hirietarako, bai ibilgailuei bai beraien osagai eta sistema nagusiei dagokienez. Europan sortzen diren 10 autobus elektrikotik, bat Irizar enpresarena da. Langileak greban zirela, Adunako enpresaren ekoizpena erabat geratu zen. Egunero autobus bat ateratzen zen handik eta aurreikuspenak «oso onak» ziren, bi autobus egunero ekoizten hastea zuten pentsatuta.   

 

Pankartak herriz herri

Irizarren grebaren inguruko kartel eta pankartaz bete dituzte herriak. Adunako langileek grebari hasiera eman ziotenetik, zenbait ekintza eraman dituzte aurrera: 65 autok osatutako karabana antolatu zuten, buruntzaldeako eragile politika eta sozialekin bildu ziren, erresistentzia kutxa sortu zuten, elkartasun eguna ospatu zuten, kontzentrazio informatiboa eman zuten Andoainen eta abar. 

Hasiera hasieratik, langileek Andoain-Aduna ingurua pankarta eta karteltxoez bete zuten, eta ondoren, langileek haien herriko leku ikusgarrienak kartelez bete zituzten: pelota partiduak, futbol estadioak, herri zein mendi desberdinetako puntu ezagunenak...

Kartelak Gipuzkoa osoan eta Nafarroako herri batzuetara iritsi ziren, izan ere, Adunako Irizar enpresan nafarroakoak diren langileak daude. Bestela ere, Ormaiztegira joan ziren eta han dagoen Irizar Ormaiztegi alboan dagoen tren bidean zintzilikatu zituzten pankartak eta bengalak, eta berdina egin zuten, Andoainen: «Gertatzen ari zena ikusarazi nahi genuen. Andoaineko zubian ere, jarri genituen pankartak, goizean goiz jende asko pasatzen den lekua delako. Kasu batzuetan, kartelak kentzen zizkiguten, baina gu joan eta berriro ere, jarri egiten genituen».

 

Berangoko Irizarren ere, gatazka

Adunako enpresako langileak, tartean bailarako langileak, ez dira greban egon diren bakarrak. Alconza Irizar Groupeko langileek, greba mugagabean jarraitzen dute otsailakren 22tik. Haien kasuan, zuzendaritzak egin nahi duen lan erregulazioa gelditzea da helburua. Neurri horiek, Berangoko (Bizkaia) plantako 102 langiletatik 38ri eragingo liekete hasiera batean. 

Orain aldiz, hilabete batzuk geroago, 25 langilek lana galtzeko arriskua dute. Langile batzordeak salatu du, enpresak kaleratze kopurua nola kudeatu duen: hasieran 38 langile izango zirela esan zuen; azken bileran 32ra murriztu zituen, eta azkenean, enpresak 25 kaleratze eskutitz bidali ditu. Sindikatua ez datoz bat erregulazioaren arrazoiekin, eta auzitara joko dute.

Irizar e-mobility-ren grebaren harira jasotako erresistentzia kutxa, Berangoko langileei eman zaie, Adunako enpresaren greba, amaierara iritsi dela erabaki ostean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!