Amak, Trio Zukanek eta Maite Larburuk sariak jaso dituzte Musika Bulego sarietan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 20a, 00:00

Amak taldea saritua izan zen.

Kristina Solano eta Jon Ansorena hernaniarrak Amak eta Trio Zukan taldeetako parte dira. Euskal musikaren sari garrantzitsuenak dira.

Musika Bulegoa Sariek bere seigarren edizioa ospatu zuten astezkenean Barakaldoko BEC-en eta bertan hiru musikari hernaniarrek sariak eskuratu zituzten. Maite Larburuk, Jon Ansorenak eta Kristina Solanok aitortza jaso zuten, azken biak Amak eta Trio Zukan taldeetako partaide bezala. 

Azkeneko bi urteetako garai ilunak alde batera utzita, euskal musika panoramako sari garrantzitsuenek bere ohiko formatua berreskuratu zuten eta ekitaldia irribarre, besarkada eta jai-giro apartarekin ospatzeko aukera egon zen. Noski, zuzeneko aktuazioak ez ziren falta izan.

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak, bertoko artista, talde edo musika proiektuek iaz burututako lana saritu ditu aurten ere eta 100 proposamen baino gehiagoren artean -proposamen hauen erdietan baino gehiagotan emakumeak izan dira buru- egin zen aukeraketa. Sarien helburuak dira, besteak beste, euskal musikaren sektorea balioan jartzea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutzera ematea eta bultzatzea eta erakusleiho izatea.

Sektoreko zortzi profesionalek osatutako epaimahaiak honako zortzi artista edo talde saritu zituen seigarren edizio honetan: Amak, Chill Mafia, Ether Ensemble, Ramon Lazkano, Gaur, Maite Larburu, Olatz Salvador eta Verde Prato. 

 

Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria, Trio Zukanek

Bestalde, Jon Ansorena musikari hernaniarra parte den, Trio Zukanek eskuratu zuen Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria euskal musika Euskal Herriko mugetatik kanpo zabaltzeko egin duen lanarengatik. Saritutako bederatzi proiektu hauek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jaso zituzten Barakaldon.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!