Italiako Giroa 2022

Piztiaren piztia

Andoni Urbistondo 2022ko mai. 18a, 00:00

Piztiaren piztia

Biniam Girmay eritrearrak etapa ikusgarria irabazi du Jesi-n, Mathieu Van der Poel piztia bera lehertuz; txirrindulari handia dago hanka zuztar horietan

Etapa ederra izan da 10., bizi-bizia, eta bukaera ikusgarrikoa. Ez baitira behar 20 kilometroko mendateak ikuskizuna ziurtatzeko. Muinoz betetako bukaera nahikoa da, puncheur-en garaipen gosea esnatzeko, eta Jesiko bukaera tankera horretakoa izan da. Michele Scarponi zenaren sorterrian, Jesin, Biniam Girmay izan da garailea. Eritrearrak txapeldun handien moduan irabazi du, bere idolo eta aurkari nagusiena menderatuz esprintean: Mathieu Van der Poel. Girmayk kritika batzuk jaso ditu, Napoliko etapan Van der Poel-en gurpilarekin itsutu zelako. Gaur ere ez zeukan besterik buruan, baina gurpila utzi behar zenean egin du, eta nola. Esprint betea, 300 metrokoa, gogorra, hanka zuztarrak lehertzear daudela, eta bihotza ahopetik ateratzeko zorian. Tranka handia sartu pinoi txikian eta plater handian, eta eman, eman eta eman. Van der Poel bere atzetik, bizikleta hausteko zorian eman dituen kolpe bortitzen ondorioz. Parean, edo ia-ia ere jarri da Herbeheretako piztia, baina eritrearrak ez du etsi, eta amore eman du Van der Poel-ek. Girmay-ren nagusitasuna onartu du giza legez Van der Poelek, Afrikako piztiaren aurrean.


De Marchi, Naessen eta Basi sartu dira ihesaldian. Iraun du De Marchik, odol garbiko zaldi puska, baina 20 kilometrora harrapatu dute. Orduan hasi da Van der Poelen dantza. Bizpahiru mugimendu egin ditu, bakarrik joaten saiatzeko, taldetxo bat sortzeko, baina Intermarche-Wanty taldeak morroi onak zeuzkan buruan Girmayrekin esprinta bilatzeko. Nabarmentzeko modukoa Lorenzo Rotak, eta batez ere Domenico Pozzovivok egindako lana. Pozzok, 39 urterekin, ihesaldi ahaleginak kontrolatzen azken 10 kilometroetan, eta esprintean ere Girmayren bideratzaile lana egiten. Ikaragarria Pozzovivoren kemena.


Oilarren artean tentsio apur bat azken jaitsieran. Sivakov eta Carapaz urduritasun apur bat sortzen saiatu dira, baina alferrik. Carapaz bera erori egin da, baina itxuraz ondorio larririk gabe. Juanpe Lopezek segitzen du lidergoan. Bihar 11, etapa jokatuko da, esprinterrentzako aproposa, lau-laua baita. 203 kilometro aldaparik gabe ia-ia. Demare, Cavendish eta Ewan itzuliko dira garaipena lortzeko pokerrera, gauzak normal, baina ikuskizun Ewan australiarrak nola ematen dion buelta gaurko astinduari, ordu erdi ingurura helmugaratu baita Jesin. Indarrak gordetzeko izan bada, gaitzerdi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!