'Euskara Aurrera' manifestazioa egingo dute etzi, eta bat egiteko deia luzatu du Doberak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 19a, 00:00

Gazte Euskaltzaleen Sareak deituta, Donostian izango da manifestazioa, arratsaldeko 17:30etan Antiguako tuneletik abiatuta.

Euskara aurrera egitasmoaren barruan, manifestazioa egingo dute larunbat honetan, Donostian. Gazte Euskaltzaleen Sareak deituta, Antiguako tuneletik abiatuko da, arratsaldeko 17:30etan. Deialdiarekin bat egin du Dobera Euskara Elkarteak, eta manifestaziora joateko deia luzatu die herritar guztiei.

«Euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskeraz imajinatzen duten herritar guztiak» deitu ditu Gazte Euskaltzaleen Sareak, manifestazioan parte hartzera. Euskerak gaur egun daukan egoerarekin kezkatuta jarri dute egitasmoa martxan. «Euskeraren egoerarekin kezkatuta gaude, eta gazteok egoera kezkagarri horretan bizitzera ohitu nahi gaituzte. Azken urtean izan diren euskeraren aurkako erabakiak, soziolinguistika klusterraren datuek erakusten duten estankamendu zantzua, pantailetan presentzia murritza, euskeraz ikasteko eskubide urraketak... Baina, euskaldunok badugu egoera zailei aurre egiteko sena. Miraria delako euskera gaurdaino bizirik iritsi izana, haizeak beti kontra izan dituenean. Modu bakarrean esplikatu daiteke: euskaldunok hitz egin, idatzi eta inprimatu dugulako; aldeko kontzientzia izan delako; euskera ez dakiten euskaltzaleen bultzada izan duelako; konpromisoagatik. Munduan hizkuntza komunitate gutxiagotu gutxik lortu dute hau», adierazi dute.

Era berean, nabarmendu dute garrantzitsua dela gizartearen eta instituzioen arteko elkarlana, eta «Euskal Herri euskalduna sortzea» dute helburu: «euskera normalizatzea, euskaldun gisa bizitzeko nahia betetzea, hizkuntza eskubideak errespetatzea, eta euskera herri kohesiorako zuntza izatea».

Euskaltzale, euskalgintzako eragile nahiz bestelako eragileekin partekatuko dute proposamena, eta norbanakoen atxikimenduak bildu dituzte. Eta Doberak bezala, beste elkarte, erakunde eta norbanako askok egin dute bat manifestaziorako deialdiarekin, eta publikoki luzatu dute deia, Donostiara joateko. Gazte Euskaltzaleen Sarearen ustez, «urrats erraldoia» emango da larunbateko manifestazioan, Euskal Herri euskalduna lortzeari begira.

 

Sinadura bilketa martxan, 'change.org' plataforman

Bestalde, sinadura bilketa ere jarri dute martxan Euskara aurrera egitasmoaren barruan, change.org plataforman. «Euskararen alde: euskarak aurrera egin behar du, eraso guztien gainetik. Euskara aurrera!», dio sinadura bilketaren izenburuak. Gutxienez 2.500 sinadura bildu nahi dituzte, eta 2.000ko langa gainditu zuen atzo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!