Giro erdia joan da, baina dena falta da argitzeko

Andoni Urbistondo 2022ko mai. 16a, 18:08
Giro erdia joan da, baina dena falta da argitzeko

Lehen erdiak txirrindularitza gose utzi ditu zaleak, eta Blockhaus-en bakarrik argitu da zeozer panorama; Landa, Bardet eta Carapaz dira indartsuenak, baina aurkari ia denak podium-eko jokoan sar daitezke

Giroak lehen erdia bete du, 9 etapa eta bi test serio: Etna eta Blockhaus. Honatx lehen erdi horrek utzitako ondorio batzuk:

  1. Giroa zozoa doa. Etapa pare bat, hiru izan ezik, ikuskizuna apal samarra izan da. Ibilbidea egon bazegoen, baina ziklistek oso kontserbadore jokatu dute. Hori, edo lehen erdian hanka zuztarrak erregaiz beteta daudela, eta indarrak gordetzea lehenetsi dutela askok.
  2. Blockhaus-en bakarrik ikusi da oilarren arteko dema, eta hor nagusi izan dira Landa, Bardet eta Carapaz. Koska bat gorago daudela erakutsi zuten atzo, Almeida, Hindley eta Pozzovivo eurekin batera helmugaratu baziren ere. Akaso hirukote hori zeozer atzeratzeko aukera oparoa galdu zuten hiru indartsuenek, baina esandakoa, Giro erdia joanda ere, Giro osoa geratzen da argitzeko. Egunen joan-etorrian nekea, ezina sumatzen hasiko dira asko, eta Top 10a minutu baten bueltan dago. Ezer ez, geratzen dena aintzat hartuta.
  3. Simon Yates bakarrik geratu da jokoz kanpo. Pello Bilbao erori egin zen atzo, eta minutua eman Blockhaus-en. Gaurko atseden eguna ezin hobe etorriko zaio, eta litekeena da asteazkenera arte ezeroso aritzea, baina bere ekarpena funtsezkoa izan liteke Bahrein taldea eta Landarentzat.
  4. INEOS indartsu dago, baina ez hainbeste. Eta Carapaz ere antzera. Atzo kolpe bakarra jo zuen, baina ondo eutsi zioten bai Landak, baita Bardetek ere. Tarteka, eta azken bi kilometroetan, ekuatortarra muga-mugan zihoala zirudien. Etapa bakarreko analisia da hori. Asteburuko etapetan egoera bestelakoa izan liteke.
  5. Joao Almeidak errespetua sortzen du. Beldurra ez, baina haren kemena, grina, ez errenditzeko borondatea ikaragarria da. Blockhaus izango da Giro osoko aldapa gogorrenetakoa eta libratu zuen. Ikaragarri sufrituz, baino libratu. Kontuz berarekin. Hindley bera ere inkognita bat da, baina bigarren izana da, dagoeneko, Giroan.
  6. Aste honetako menua. Puncheur edo klasiko zaleentzat aproposak diren etapa ugari, aste honetan. Biharkoa, Jesi-n, Napolin jokatu zenaren antzekoa, Genovako ostegunean, eta batez ere larunbatekoa Turinen. Egun horretan Superga eta Colle della Maddalena igoko ditu tropelak bi aldiz, mendate laburrak baina oso pikoak. Bigarren astea Alpeetako lehen etaparekin bukatuko da, Cogne herrian. Lehen mailako bi mendate bidean, eta bigarren mailakoan bukaera. Akaso, eta nekearen poderioz, gauza gehiago ikusiko dira etapa horretan, atzokoan baino.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!