Astigarraga eta Hernani final laurdenetara sailkatu dira

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 17a, 00:00
Astigarragak final laurdenetarako pasea lortu zuen Txomiñenen.

Anoeta eta Mutriku gainditu dituzte 5-1 eta Gipuzkoako zortzi talde onenen artean daude sailkatuta.

Astigarragak eta Hernanik final laurdenetara sailkatzea lortu dute gizonezkoen Herriartekoan, paleta goman. Astigarragak 2-1eko abantaila lortu zuen joanekoan, Anoetan, eta itzulera larunbatean jokatu zuten Txomiñenen. Astigartarrak jaun eta jabe izan ziren hasieratik eta 3-0 lortu zuten garaipena. Buruz burukoan Asier Salaberriak 20-5 irabazi zuen. Ondoren, binaka, Mikel Txoperenak eta Beñat Zubiarrainek 20-17 lortu zuten garaipena eta amaitzeko, zazpi barrian Ganix Urdangarinek 20-16 irabazi zuen.

Hernanik ere, Mutrikun, 2-1 irabazi zuen eta joaneko 3-0ko abantailarekin, 5-1 geratu da kanporaketa. Banakakoa 20-2 galdu arren, binakakoan 11-20 lortu zuen garaipena eta zapi barruan ere bigarren partidua irabazi zen.

Final laurdenetan Hernanik Zumarraga izango du aurkari eta Astigarragak, Andoainen kontra.

 

Trinketean, galdu Espainiakoan eta Euskal Herrikoan

Bestetik emaitzak ez ziren onak izan Estatuko eta Euskal Herriko Trinkete txapelketan. Espainiako Trinkete Txapelketan Auñamendi 1ek 2-1 irabazi zuen Hernaniren kontra. Maider Huizik eta Ariane Arrietak, 15-11 galdu zuten lehenengo jokoa, 12-15 irabazi zuten bigarrengoa eta 10-3 galdu zuten joko erabakiorra. 

Euskal Herrikoan Amaia Irazustabarrenak eta Miren Goikoetxeak 27-30 galdu zuten Errekaleorren kontra. Atzetik hasi ziren hernaniarrak, baina 27na berdintzea lortu zuten. Hala ere, azken hiru tantoak Errekaleorrek jarraian egin zituen.

Nahiz eta bi partidu horiek galdu, izan zen berri onik nesketan. Ekhine Balerdi eta Nahia Eizmendik Oiartzungo txapelketa irabazi zuten eta txapelak jantzi zituzten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!