Hernanik 0-3ko abantaila hartu du Herriartekoan, final zortzirenetan, Aretxabaletaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 17a, 00:00
Jon Jara sakean, Aretxabaletako frontoian, igandeko jubenilen partiduan.

Hernaniarrak nagusi izan ziren 4-22 kadeteetan, 11-22 jubineletan eta 18-22 seniorretan. Asteburu honetan jokatuko dira itzulerako hiru partiduak eta Hernanik gertu du final laurdena.

Herriarteko txapelketa ezin hobeto hasi du Hernanik. Final zortzirenak jokatu zituen, igandean Aretxabaletan, eta Hernanik 0-3 irabazi zuen. Emaitza hori kontuan izanda, final laurdenak oso gertu ditu eta asteburu honetan kanporaketa pasako dute kiroldegiko frontoian.

Hiru kategoriatan –kadete, jubenil eta senior mailan– irabazi zuten Iturrigorri pelotalekuan igande arratsaldeko kanporaketan. Xuban Iturbek eta Oier Azpeitiak, kadeteetan, 4-22 irabazi zuten. Erakustaldia eman zuten bi pelotariek. 

Ondoren, Jon Jara eta Unai Etxarriren txanda etorri zen, jubenilen arteko partiduan. Hernaniarrak, sendo, 11-22 lortu zuten bisitarientzat bigarren puntua, nahiz eta erdira arte partidu orekatua izan. 

Amaitzeko partidurik berdinduena jokatu zen, seniorren mailakoa. Bertan, Xabier Salaberriak eta Josu Altunak 18-22 lortu zuten garaipena emozioz betetako partidu gogor batean. 

Era berean, garrantzitsua izan da baita ere, Xabier Apaolaza eta Paul Ojuelen sailkapena, 4,5eko Gipuzkoako Txapelketaren azken fasea jokatzeko. Behin sailkatze fasea amaituta, Apaolazak partidu bakarra galdu du eta Ojuelek partidurik galdu gabe jarraitzen du.

Balantze orokorra egiterakoan, C.D. Hernaniko pelotarien emaitzak,erregularrak izan dira asteburuan. Hamaika garaipen eta 15 porrot batu dira, baina partidu garrantzitsuak irabazi direla azpimarratu behar da. 

 

Kanariar Uharteetara joateko zozketaren zenbaki saritua 4797 zenbakia da

Bestetik, oraindik ez da atera Kanariar Uharteetara joateko zozketatu zen bidai baten irabazlea. CD. Hernaniko pelota atalean egindako zozketan, 4797 zenbakia da irabazlea. Zenbakiaren jabeak kiroldegiko frontoitik pasa daiteke saria jasotzera eta Rufino Rekalderengatik galdetu. Saria da Kanariar Uharteetarako bi lagunentzako bidaia, eta irabazleak frontoira bertaratuko beharko du sariaren bila, asteartean edo ostegunean, 18:00etatik 21:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!