San Isidro egunak baserritarrak eta kaletarrak elkartuko ditu gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 15a, 00:00
Ilar azoka eta ganadu azoka, gaurko egun haundiaren preludio izan zen atzo.

Astigarragan eta Hernanin ospatuko da ekitaldi ugarirekin. Tilosetan, eguerdian, Arriatzu baserriko kideak omenduko dituzte.

San Isidro baserritarren egun haundia ospatuko dute gaur Astigarragan eta Hernanin. Baserritarren eguna ahalik eta hoberen probestu eta pasatzeko, Hernaniko eta Astigarragako Udalek hainbat jarduera antolatu dituzte, gaurko egunean zehar egingo direnak.

Astigartarrek, goizeko 9:30etatik arratsaldeko 18:00ak arte izango dituzte ekintzak, hala nola, trikitilariak, prozesioa, Lizardi baserriko lore erakusketa, idi dema, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak, herri kirolak eta abar. 
Aldiz, hernaniarrek, goizeko 11:00etatik 13:15etara egingo diren jarduera desberdinez gozatu ahal izango dute Tilosetan: meza, bertsolariak, omenaldia Arriatzu baserriari, pala partida, eskuz binaka partida... hiru urte eta gero berreskuratuko da.

 

Ilar azoka eta ganadu erakusketa, atzo

Astigartarren kasuan, atzo ere aurreikusiak zituzten ekintza mordoa: ilar azoka eta herriko baserrietako ganadu erakusketa (herriko zortzi baserrienak). Eguraldia lagun, ilar azokak hartu zuen Foru plaza, eta ganadu erakusketa ere izan zen nahiz eta ez zen jende askorik ibili goizean zehar. Arratsaldean, berriz, bisita gidatuak ere antolatu ziren, baserrietara. Gaueko erromeriak eman zion amaiera egunari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!