Telekomunikazio sare komunitarioak hedatzeko tresna aurkeztu dute Andoainen

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 15a, 00:00
Martin Ugalden elkartu ziren, baita Hernani eta Astigarragako ordezkariak.

Udalbiltzak aurkeztu zuen Euskal Herri mailako EH Kom telekomunikazio operadore neutro publiko-komunitarioaren proiektua. 

Pasa den asteazkenean aurkeztu zuen Udalbiltzak EH Kom Telekomunikazio operadore neutro publiko-komunitarioaren proiektua, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Udalerrietan sare ireki, neutro, libre eta publiko-komunitarioak sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko helburua duen Euskal herriko operadore nazionala izango da.

Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, proiektua babestu duten Euskal Herriko hainbat udaletako ordezkariak; Hamaika telebistako, Puntueus eta Bai Euskarari fundazioetako, Martin Ugalde Kultur Parkeko edota Izarlink, Goiener, Hiritik At eta Izarkom-ekoak, baita EH Bildu eta EH Baiko ordezkariak ere.


2020garren urtetik diseinatzen ibili diren proiektu honi buruzko azalpenak eman zituzten aurkezpenean parte hartu duten hizlariek. Hasteko, Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik eta teknikari Clara Rougetek telekomunikazio burujabetzaren, baliabideen demokratizazioaren eta tresna propioak sortzearen beharra azpimarratu zuten. Ostera, Hiritik At eta Izarkom-eko ordezkariek kooperatibismoari eta tresna publiko-komunitarioak sortzeko apustuari buruz jardun zuten.

Amaitzeko, EH Kom-eko teknikari Beñat Azkargortak eta Oñatiko zinegotzi Xabier Igartuak gehiago sakondu zuten tele-operadorearen eraketa prozesuari, bere ezaugarriei eta eskainiko dituen zerbitzuei buruz.
Aurkezpenari ukitu artistikoa eman zioten Oreka TX-ko lagunek, harrizko eta egurrezko txalapartaren bitartez ekitaldia irekiz eta itxiz. «Mendeetan zehar txalaparta gure telekomunikazio tresna burujabe izan da. Egun, ttakun-ttakun hotsak informazio bitekin ordezkatuak izan diren garai honetan ere, telekomunikazio tresna burujabeak behar ditugu eta, txalaparta bezala, gureak», azaldu zuen Asurmendik.

 

Arrakala digitala gainditzeko burujabetza tresna

Asurmendiren hitzetan, «Nazio Batuen Erakundeak berak ere Interneterako eta Informazio eta Komunikazio Teknologietarako sarbidea giza eskubidetzat aitortua» duen arren, arrazoi geografiko eta sozioekonomikoengatik dagoen arrakala digitala gainditzeko xedearekin jaio zen proiektu hau.  

Helburua da auzo eta herrietan sare ireki, neutro, aske eta publiko-komunitarioak garatzea eta sustatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!