Baserritarren egun haundia ospatuko da bihar, Urumea bailara osoan zehar

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 14a, 00:00

Astigarragan, San Isidrorako motorrak berotzen aritu dira astean zehar, Lurraldia ekimena dela eta, hainbat ekintza aurrera eramanez. Asteburuan ere, ekintza mordoa izango da egiteko, Astigarraga eta Hernanin.

Bihar maiatzak 15a da, San Isidro eguna, eta baserritarren eguna ospatzen da, Euskal Herriko zenbait bazterretan. Nekazariaren eguna da, egutegi katolikoan, eta egun horretan, feria eta ospakizunak antolatzea ohiko da. Pandemia dela eta, bi urtez ezin izan da San Isidro ospatu, baina
aurten, festa giroa bueltatzea eta antolatzea lortu dute Urumea bailarako herritarrek.

Egunaren jatorria, Isidro nekazariaren kondairaren harira dator. Isidro egunero mezetara joaten zen, goizean goiz lanean hasi aurretik. Egun batean, mezetatik bueltan sorora joan eta lanean hastera zihoala, soroko lan guztiak eginda aurkitu zituen. Mirari hori dela eta ospatzen da, Baserritarren egun hau. Garai batean, santu horren omenez, ez zen lanik egiten baserri inguruan, jaia ospatu behar zelako. Aldiz, bitartean, kaletarrek lan egiten zuten.

Astigarragako Udalak, baserritarren lanari duen balioa eman eta astigartarrei ikustarazteko helburuarekin, Lurraldia ekimena sortu du. Ekimen honetan, IX. Ilar eguna eta San Isidro eguna bateratu dira, eta jarduera ezberdinak osatu dituzte, astean zehar egin direnak eta asteburuan aurrera emango
direnak.

Ekimen mordoa ospatu dira, astean zehar

Astigarragako Udalak, Goldea eta Baratze elkartearekin batera, egitarau oparoa ospatu du aste honetan, hilak 9tik 13ra, helburu nagusi batekin: «udalerriko ama lurraren babesari, sustapenari eta bertako baserritarrei aitortzari gogoz ekitea eta herritarrak horren sentsibilizazioa eta jabe egitea».

Gainera, aurrera eraman diren jarduera asko, ezohiko lekuetan egin dira, herritarrak baserrietara hurbildu zitezen: Taula baserria, baratzeetan, eta abar.
Lurraldia ekimena urtero ospatzeko asmoa dute antolatzaileek. Astigartarrek Lurraldia ekimena dela eta, San Isidro egunerako prestaketetan aritzeko
aukera izan dute, herritarrak eta baserritarrak batzen dituzten jardueretan parte hartuz.

Horien artean: baratze bisitak Astigarraga eta inguruko ikastetxeentzako; ilarrez egindako pintxo-potea, ilar astearen harira; herriko baserritarren eta
udalaren arteko topaketa; hitzaldia; eta Anariren kontzertua, Taula baserrian, besteak beste.

Urumean ospatuko den eguna

Astean zehar zenbait ekimen ospatu badira ere, asteburuko ekintzek hartuko dute nagusitasuna bailaran. Astigartarren kasuan, gaur eta biharko ekintza
mordoa dituzte aurreikusiak: ilar azoka eta herriko baserrietako ganadu erakusketa (herriko zortzi baserrienak).

Baserritarren eguna ahalik eta hoberen probestu eta pasatzeko, Hernaniko eta Astigarragako Udalek hainbat jarduera antolatu dituzte, biharko egunean zehar egingo direnak.

Astigartarrek, goizeko 9:30etatik arratsaldeko 18:00ak arte izango dituzte ekintzak, hala nola, trikitilariak, prozesioa, Lizardi baserriko lore erakusketa, idi dema, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak, herri kirolak eta abar.

Aldiz, hernaniarrek, goizeko 11:00etatik 13:15etara egingo diren jarduera desberdinez gozatu ahal izango dute: meza, bertsolariak, omenaldia Arriatzu baserriari, pala partida, eskuz binaka partida, eta abar.

2022KO SAN ISIDRO EGUNA

MAIATZAK 15

HERNANI

11:15 emakumezkoen Goi mailako pala partidua. Gero, gizonezkoen goi mailako eskuz binaka partidua.

12:00 Meza, San Joan Batailatzearen elizan eta ondoren,

13:00 Omenaldia Tilosetan, Arriatzu baserriko baserritarrei: Jose Ramon Ceberio Zubiarrain eta Manoli Zubelzu Txapartegi senar-emazteei, eta Maialen Ceberio Zubelzu eta Ane Ceberio Zubelzu alabei. (Euria eginez gero, udaletxeko arkupean)

13:15 Herri kirolen erakustaldia eta bertsolariak.

ASTIGARRAGA 

09:30 Elustondo trikitilariak, Foru plazan

10:00 Prozesioa, meza eta ondoren, hamaiketakoa Gure Izarra elkartean.

10:00 Lizardi baserriko loreen erakusketa.

12:30 Idi dema. Plazaratu gabeko idiak, 1.640 kg-ko Atxitxe harriarekin (Artola, Gabriel, Etxetxo eta Pagadizabal)

13:00 Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak, eta bazkalondoan, Lizardi baserriko familiari merezitako esker ona.

18:00 Herri kirolak: trontza eta aizkora lanak, emakumezko eta gizonezko partaideekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!