Ligako hirugarren postuan bukatzen saiatuko dira Hernaniko neskak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 14a, 00:00

Gaur bukatuko dute liga Hernaniko neskek, Errenterian.

Fanderian jokatuko dute Ohorezko Erregional Mailako azkeneko partidua, gaur 12:00etan.

Gaur bukatuko du denboraldia, Hernaniko nesken talde nagusiak, Ohorezko Erregional Mailan. Igoeraren lehian aritzeko erronka nahi baino lehenago aldendu zitzaien berdeei, baina goiko postuetan sailkatzea lortu dute, eta hirugarren koxkara igotzeko ahaleginetan ariko dira, ligako azkeneko partiduan. Izan ere, laugarren daude 55 punturekin, eta 56 puntu dauzka Beti Gaztek, hirugarren.

Asmo horrekin ariko da Hernani gaur, eguerdiko 12:00etan Errenteriako Fanderia zelaian, Touringen kontra. Azkenaurreko sailkatua da Touring, eta beraz, irabazteko moduko partidua dute hernaniarrek. Hiru puntuak ekarrita ere, ordea, Beti Gaztek huts egitea beharko dute, hirugarren bukatzeko: Amaikak Bat, 13garren sailkatua, izango du aurrean talde lesakarrak.

Ohorezko Erregional Mailako mutilei, berriz, bi partidu falta zaizkie liga bukatzeko; baina etxeko azkeneko partidua jokatuko dute bihar, Zubipen: Oiartzun izango dute aurrean, arratsaldeko 16:30etan hasita. Igoeratik zein jaitsieratik urrun, ahalik eta postu onenean bukatzea dute erronka hernaniarrek. Une honetan seigarren daude, 51 punturekin; eta badaukate aukera, behintzat, Mondragoni (53 puntu) aurrea hartzen saiatzeko; urrutiago dago Aretxabaleta (56 puntu). Edonola ere, ez da kontrario erosoa izango Oiartzun, bederatzigarren postuan baitago sailkapenean. Azkeneko partidua, Oñatin jokatuko du Hernanik, Aloña Mendiren kontra.

Eta Erregional Preferenteko igoera fasean, Oriotik hiru puntuak ekartzen saiatuko dira Mundarroko neskak, gaur 15:30etan. Hirugarren postua eskuratzen saiatuko dira moreak, azkeneko hiru partiduetan. Multzo berean, Intxaurdiren kontra ariko da Hernani, gaur 19:30etan hasita, Zubipen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!