Maila haundiko estelarra, Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 14a, 00:00

Imanol Ansa eta Endika Barrenetxea.

Erremontista onenetako lau ariko dira gaur, bigarren partiduan: Ansa eta Barrenetxea, eta Urriza eta Azpiroz.

Astelehenean jokatuko da Sagardoaren Txapelketaren beste jardunaldi bat, Galarretan. Baina horren aurretik, puntako jaialdia prestatu dute gaur arratsalderako, 16:30etan hasita. Eta bereziki maila haundikoa izango da estelarra, jaialdiko bigarren partidua.

Izan ere, erremontista onenetako lau ariko dira partidu horretan: Imanol Ansa urnietarra eta Endika Barrenetxea hernaniarra, batetik; eta Javier Urriza iruindarra eta Xabier Azpiroz uitziarra, bestetik. Lau pelotari horiekin, ikuskizuna ziurtatuta egongo da Galarretan, eta partidu orekatua bezain gogorra espero da.

Aurretik, jaialdiko lehenengo partiduan jokatuko du Aritz Zubiri goizuetarrak. Ugaitz Susperregi oiartzuarrarekin batera jokatuko du, eta aurrean izango dituzte Ander Goikoetxea urnietarra eta Odei Arregi tolosarra.

Eta estelarraren ondoren, hirugarren partidu bat ere jokatuko dute: Oier Apezetxea goizuetarra ariko da horretan, Julen Loitegi urnietarra lagun duela aurreko koadroetan. Kontrario, berriz, Oscar Urrutia saldiastarra eta Unai Martirena lekunberritarra izango dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!